MATTIN ARLUZIAGA (HERNANI, 19 URTE)

Mattin Arluziaga hernaniarrak bihar debutatuko du profesional mailan. Aurrelaria da eta 2004an jaio zen. Urrutia II.a ordezkatuko du eta Zalduarekin batera arituko da Loitegi eta Eskuderoren aurka. 

Debutatzea espero zuen, baina ez agian hain azkar. “Esan zidatenean debutatu egin behar nuela harrituta geratu nintzen. Hasiera batean 2024garren urte hasieran egin behar nuen salto, baina Urrutiaren lesioaren ondorioz txapelketan sartzea ez nuen espero. Bertan egotea ohore bat da. Gustora hartu dut albistea”.

Nahiz eta gaztea izan eta esperientziarik ez eduki profesionaletan bere burua gai ikusten du maila ona emateko. “Urduri nago, baiina hori normala da. Esan nahi du gogoak ditudala eta hori beharrezkoa da ongi jokatzeko. Tentsio puntu horrek lagundu egiten du, lasai egoteak ez dut uste laguntzen duenik”. 

Aurrelari da eta langilea dela aipatzen du. “Langilea naiz. Ez dut tanto bat galdua ematen eta tantoa bukatzen saiatzen naiz. Indarka jokatzea ez da nire alde onena eta defentsan lan handia egiten dudala esango nuke”. 

Gaur egungo erremontari askok bezala esku pelotatik egin du salto erremontera Mattin Arluziagak. “Aitak esan zidan probatzeko erremontea. Galarretara hurbildu nintzen eta gustatu zitzaidan. Biak uztartzen nituen, baina eskuko minak medio esku pelotarekiko motibazioa galtzen joan nintzen. Erremontean jarraitu nuen gustora eta orain topera nabil”.

Hasieran alde asko nabaritzen zuen esku pilotarekin alderatuta. “Pilota jotzeko modua oso ezberdinak dira, baina ohitutzen zara. Hasieran erremontearekin ematean gaizki ematen nion eta orain aldiz eskuarekin jotzen dut gaizki. Oso gustora nabil”.

Partiduaren inguruan espero du “lana ematea. eta irabazten saiatuyko gara noski. Partidu zaila espero dut. Atzean parekotasun haundia dago eta aurrean erabaki daiteke. Borroka horretan saiatuko naiz Loitegi mugitzen. Indar askoko mutila da eta mugitu beharra dut”. 

Aurkariak ongi ezagutzen ditu. “Elkarrekin entrenatzen dugu eta Eskuderorekin ordu asko sartu ditut Galarretan. Badakit nolako erremontaria den. Min handia egiten du saketik eta sake errestoan lana izango dut”.