Ansa II.a eta Martiarenak 2-1 gainditu dituzte eta beste partiduan, Segurola eta Juaneneak ere 2-1 irabazi dute Ezkurra II.a eta Larrañagaren aurka.

Ostiralean, Binakako Erremonte Txapelketaren bigarren jaialdia jokatu zen Galarretan. Partidu lehiatuak ikusi ziren eta Ansa II.a-Martierna eta Segurola-Juanenea bikoteek 2-1eko emaitzarekin gainditu zituzten Urriza-Azpiroz eta Ezkurra II-Larrañaga bikoteak, hurrenez hurren.

Urriza eta Azpiroz faboritoetatkoak ziren txapelketa hasi aurretik, baina bi partidu jokatu eta gero puntu bakarra dute, herenegun lortutakoa, eta hurrengo faserako sailkapena asko zaildu zaie. Kinka larrian daude bi nafarrak. Ansa II.a eta Martirenaren kasua guztiz kontrakoa da. Bi partiduetan bi garaipen lortu dituzte et zazpi punturekin gertu dute gutxienez finalerdietarako sailkapena. Ezkurra II.a eta Larrañaga porrotarekin estreinatu ziren eta puntu bakarra lortu zuten eta Segurola eta Juaneneak lehenengo garaipena lortu zuten aurreneko jardunaldiko porrota eta gero. Orain hiru puntu dituzte sailkapenean.

8-7 erabaki ziren bi partiduak azken setean

Binakakoaren bigarren jaialdia aurrenekoarekin alderatuta zeharo ezberdina izan zen. Bi partiduak azken setean erabaki ziren eta set erabakigarria 8-7ko emaitzarekin amaitu zen bi partiduetan.  

Lehenengo partiduan Ansak eta Martirenak 15-12, 13-15 eta 8-7ko markagailuarekin garaitu zituzten Urriza eta Azpiroz. Bigarren partidua ere antzekoa izan zen eta Segurolak eta Juaneneak 15-7, 9-15 eta 8-7 irabazi zieten Ezkurra eta larrañaga bikoteari.  

Lehenengo partiduan, Martirena beste behin oso ongi aritu zen. Lehenengo setean bere lana erabakigarria izan zen eta baita ere hirugarren setean. Bigarren setean aurrelarien lehia biziagoa ikusi zen eta Urrizaren zortzi tantoak erabaki zuten. Azpirozek partidu ososan zehar tanto gutxi egin zituen. Martirenak berriz azken setean lau tanto egin zituen, Ansak bezala, eta horri esker lortu zuten garaipena.

Bigarren partiduan aurrelariak izan ziren protagonista nagusiak. Tanto ia gehienak Segurola eta Ezkurra II.ak egin zituzten, Juanenearen lehenengo seteko bost tantoak kenduta. Atzelari saldiastarra erabakigarria izan zen lehenengo setean, baina bigarrenean akats gehiegi egin zituten. Azken setean Juanenea bi paretekin tanto bat egin zuen eta partiduko azken hirurak Segurolak egin zituen. Ezkurrak ere lau tanto lortu zituen, baina lau akats ere egin zituen. Larrañagari ez zitzaion eroso ikusi.

Jaialdiko lehenengo partidua Bigarren mailakoa izan zen. Goikoetxea eta Aiestaranek 2-0 (15-14 eta 15-12) garaitu zituzten Gurutxaga eta Zubiri. Aiestaran oso seguru aritu zen partidu osoan zehar. Lehenengo setean Gurrutxagaren akats larri batzuk erabaki zuten seta. Bigarren seta ere berdindua izan zen, baina garaipena gorriek eraman zuten.