Bigarren porrotak, oraingoan Ansa eta Zubiriren aurka, aukerarik gabe utzi ditu

Azpeitiko Torneoak bigarren jardunaldia izan zuen Izarraitz pilotaleku azpeitiarrean eta Gurrutxaga eta Larrañaga Torneotik at geratu ziren. Bigarren partida ere galdu zuten (2-0) Ansa II.aren eta Zubiriren aurka eta ezin izango dira finalean egon. Bigarren partidan Urrizak eta Apezetxeak 2-1 irabazi zieten Loitegi eta Azpirozi. Finalerako sailkapena hirugarren jardunaldian erabakiko da eta berdinketa hirukoitza egon daiteke.
Lehen partidan Ansa II.a eta Zubiri jaun eta jabe izan ziren. Lehen setean Zubirik sakez egindako sei tanto erabakigarriak izan ziren 15-7 irabazteko. Bigarrenean Ansak aldea egin zuen set berdinduago batean hamar tantorekin. Amaierara arte parekatua izan zen eta 12-11koaren ostean 3-1eko partzial batek garaipena eman zien Ansa eta Zubiriri 15-12ko emaitzarekin eta 2-0ekoarekin. Irabazleek datorren ostiralean jokatuko dute finalerako txartela, Aldabe eta Juanenearen aurka. Irabazlea finalista izango da eta galtzailea hirugarren eta laugarren postuetarako partidarekin konformatu beharko da.
Bigarren partidan Urriza hotz hasi zen. Loitegi indartsu batekin, Azpiroz lagun zuela, 12-15 aurreratu ziren urdinak. Bigarren setean urdinek maila jaitsi eta 15-7 galdu zuten. Urrizak bere lanak hobetu zituen. Hirugarren setean Iruñeko aurrelariak bere galoiak erakutsi zituen garaipena 5-0eko markagailuarekin ixteko. Finalerako sailkapena Loitegi-Azpiroz eta Ezkurra-Martirena bikoteen artean erabakiko da. Ezkurra-Martirena irabazten badute finalista izango dira eta Loitegi eta Azpiroz kanporatuak izango dira. Loitegik eta Azpirozek irabazten badute markagailua ikusi beharko da. 2-0 irabazten badute finalistak izango dira, 2-1 irabazten badute tanteoa ikusi beharko da.
Izarraitz azpeitiarrak sarrera hobea aurkeztu zuen bigarren jardunaldian lehenengoan baino, eta txapelketa irabazten ari da emozioan eta interesean.