Urnietarrak 30-17 irabazi dio Juaneneari banakako final handian eta estreinakoz irabazi du

Imanol Ansa da Eusko Label-Banakako Erremonte Txapelketako txapeldun berria. Aritz Juaneneari 30-17 irabazi zion finalean eta txapelketarik garrantzitsueneko txapela jantzi zuen lehen aldiz. Urnietarrak Galarretan agindu zuen Juanenearen aurkako partidu bikainarekin. Juanenea ezinean aritu zen aurkariaren jokoaren aurrean.
Finalak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan parekotasun handiagoa egon zen eta partida zapi batean mantendu zen markagailuak 14-12kora arte. Hortik aurrera Ansaren nagusitasuna nabarmena izan zen. Fisikoki ezin indartsuago dago eta prestaketa bikaina darama eta hori kantxan nabaritu zen. Gainera, askoz hobeto bukatu zuen eta aldea hamar tantoraino zabaldu zuen 23-13koan 9-1eko partzialarekin. Horrek aurrelariaren alde erabaki zuen partida.


Juaneneak partidan jarraitu zuen lehen zatian eta kolpe handia zuela erakutsi zuen, pilota argirik ere ez zuen huts egin, baina aurkaria hobea izan zen arlo guztietan. Hobeto atera zuen, hobeto aritu zen errestoan, hobeto piloteatu zuen, fisikoki hobeto aritu zen eta defentsan ere bikain aritu zen.
50 minutuko norgehiagoka Ansaren bi tantorekin hasi zen, baina Juanenea piloteoan nagusitzen hasi zen. Hori bai, bosna eta seina berdindu arren, ez zen inoiz aurretik jarri. Hor hartu zuen lehen errenta garrantzitsua urnietarrak, 11-6 ihes egin zuen une inspiratu batean. Bi tantora hurbildu zen Saldiasekoa, 13-11 eta 14-12, baina Ansa oso zentratuta zegoen eta Juaneneak eutsi ezin izan zion seigarren martxa jarri zuen. Oso ondo atera eta pilotakadak atzean zituela finala erabakita utzi zuen bost tantora ihes eginez eta lehen hamar tantoko maximoan 23-13koan. Zazpi tanto ere egin zituen saketik bere azken hamaika tantoetan. Sakez egindako bederatzigarren tantoarekin itxi zuen partida. Ez zion abantailari ihes egiten utzi eta hamahiru tantoko abantaila handiena 30-17koan iritsi zen.
Txapeldunak 20 tanto egin zituen piloteoan eta bederatzi saketik. Juaneneak ez zuen akatsik egin. 15 tanto egin zituen, bi tanto saketik eta falta bat saketik. Ezer gutxi lepora dakioke atzelariari.

Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-5, 6-5, 6-6, 11-6, 11-8, 13-8, 13-11, 14-11, 14-12, 17-12, 17-13, 23-13, 23-14, 23-15, 25-15, 25-17, 30-17.

Ansa II


“Txapelaren erdia Julen Loitegirena da”


Ansa oso eskertua zegoen partidu amaieran ingurukoei. “Txapela erdia Julen Loitegirena da. Bere prestaketa sakrifikatu du niri laguntzeagatik. Ibon Zalduari ere eskertua nago, denbora luzean paper hori ere hartu izan duelako. Baita koadro osoari. Gaur egun erremontistak afizioagatik gaude, ofizioagatik baino gehiago. Gazteak animatuko nituzke afizio hau probatzera. Ordu asko sartu ditut kantxan prestaketa lanetan”.Partudaren inguruan Ansak azpimarratu zuenez “hasieran kosta egin zait neurria hartzea finalari, baina konfidantza askorekin nengoen eta gero eta hobeto aritu naiz. Gakoa sakean egon da, oso ongi sakatu dut eta horrek segurtasun gehiago eskaini dit. Fisikoki ere oso ongi aurkitu naiz. Partidu oso ona jokatu dudala uste dut. Oso pozik nago garaipenarekin eta orain nahiko lasai nagoen arren orduak aurrera joan ahala azaleratuko dira sentimenduak”. 

URTEA TXAPELDUNA-AZPITXAPELDUNA

1944 ÁBREGO-SALSAMENDI
1952 ARESO
1981 INTXAUSPE-ZESTAU
1986 AGERRE-INTXAUSPE
1987 INTXAUSPE-MUJIKA I
1988 MUJICA I-AIZPURU
1989 MATXIN II-INTXAUSPE
1990 MATXIN II-MUJIKA I
1991 MUJICA I-ELIZALDE
1992 MATXIN II-MUJIKA I
1993 AIZPURU-AGERRE
1994 MATXIN II-AIZPURU
1995 EZKURRA-AIZPURU
1996 EZKURRA-EIZAGIRRE
1997 EZKURRA-EIZAGIRRE
1998 EZKURRA-LIZASO
1999 EZKURRA-EIZAGIRRE
2000 LIZASO-EZKURRA
2001 EZKURRA-LIZASO
2002 EZKURRA-ZEBERIO II
2003 EIZAGIRRE-EZKURRA
2004 EZKURRA-LIZASO
2005 EZKURRA-LIZASO
2006 ZEBERIO II-URRUTIA I
2007 ZEBERIO II-EZKURRA
2008 URRUTIA I-ZEBERIO II
2009 URRUTIA I-ZEBERIO II
2010 EZKURRA-SAN MIGUEL
2011 EZKURRA-URRUTIA I
2012 URRIZA-ZEBERIO II
2013 URRIZA-SAN MIGUEL
2014 SAN MIGUEL-URRIZA
2015 URRIZA-UTERGA
2016 URRIZA-BARRENETXEA IV
2017 URRIZA-UTERGA  
2018 URRIZA-UTERGA
2019 BARRENETXEA IV-URRIZA
2020 URRIZA-ENDIKA
2021 BARRENETXEA IV-URRIZA
2022 URRIZA-BARRENETXEA IV
2023 ANSA II JUANENEA