Urdinek 1-2 irabazi diete Segurola eta Ansa II.ari Jai Alai Summer Seasoneko finalerdian

Barrenetxea IV.ak eta Juaneneak Jai Alai Summer Seasoneko finalerako txartela lortu dute, Galarretan jokatutako finalerdian Segurola eta Ansa II.ari 1-2, 7-15, 15-6 eta 2-5eko partzialekin irabazita.
Beraz, urdinak izango dira Azpirozen eta Larrañagaren aurkariak larunbat gauean Galarretan jokatuko den finalean. Aurretik, bihar, finaleko protagonistek materiala aukeratuko dute 18: 00etatik aurrera Galarretan. Larunbateko jaialdia 22: 00etan hasiko da.
Finalerdia, bi bikote hauen arteko ligaxkako partida bezala, errusiar mendi bat izan zen. Partidu bat baino gehiago izan ziren partidu beraren barruan.
Lehen setean Barrenetxeak eta Juaneneak erabateko nagusitasuna izan zuten. Barrenetxeak agintzen zuen, zortzi pilota oparitzen zituzten Segurola eta Ansaren aurrean. 1-6, 3-11 eta 6-12ko partzialak argiak izan ziren beti 7-15eko seta ixten zuten urdinentzat.
Bigarrenean dekorazioa erabat aldatu zen. Segurolak eta Ansa II.ak asko bat hobetu zuten. Segurola izan zen protagonista nagusia hamar tantorekin, horietatik bost bi hormakoak, Barrenetxea eta Juanenea jokoan desagertu ziren bitartean. Seta 15-6 bukatu zen.
Urdinen zorionerako berdinketa hausteko seta geratzen zen eta lehen tantotik entxufatu ziren. Juaneneak pilotakada bikaina eman zuen 0-1ekoan eta gero Barrenetxeak bi tanto gehiago egin zituen 0-3koa jartzeko. 0-4koarekin dena erabakita zegoela zirudien eta horrela izan zen 2-5ekoarekin.