Urrizari eta Martirenari gailendu zaizkie, hiru setetan (11-15, 15-10 eta 2-5), beteta zegoen Galarreta pilotalekuan jokatutako final handian.
Beñat Segurola eta Aritz Juanenea dira Sagardoaren Txapelketako 13. edizioko eta “Erremontari” saioko txapeldunak, finalean Javier Urriza eta Ibai Martirena hiru setetan mendean hartuta: 11-15, 15-10 eta 2-5.
Partida lehiatua izan zen, txapelketako bi bikote onenen artean. Gorriek behetik gorako ibilbidea egin dute aurtengo edizioan; final-laurdenetako ligaxka kaskar hasi zuten, baina sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten, 12 punturekin, jokatutako bost partidetatik hiru irabazita. Finalerdietan, txapelketa osoan indartsu aritu ziren Goikoetxea V.a eta Bearrenetxea IV.a kanporatu zituzten, bi setetan.
Segurola eta Juaneneak, berriz, ligaxka bigarren postuan amaitu zuten, hauek ere bost partidetatik hiru irabazita, baina 11 punturekin. Finalerdietan, Ezkurra eta Zubiri bikote zaila kanporatu zuten, hiru setetan.
Horrenbestez, finalak ikusmin handia sortu zen, eta jende kopuru polita bildu zen Galarretako harmailetan. Finala ederra izan zen eta guztiak asebete zituen.
Segurola eta Juaneneak irabazi zuten txapela merezimendu osoz, 1-2 gailenduta, 11-15, 15-10 eta 2-5eko partzialekin. Gorriek agian pilota aukeraketan egin zuten huts. Pilotak motelak hartu zituzten eta pilota horieki ez ziren egon eroso. Martirena ez zen pilota motel horietara egokitu eta urruti geratzen zen pilotakadak ematerako garaian. Urriza bera ere nekatu egin zen eta azken tantoetan freskotasuna falta izan zitzaion. Aldiz, urdinak bikain amaitu zuten Segurolari esker, azken tantoetan. Juaneneak ere partidu bikaina egin zuen eta bikote sendoagoa osatu zuten.
Lehen setean, gorriek hartu zuten aurrea lehen tantoetan, Urrizaren joko erasokorrari etekina ateraz. Martirenak, artean, ondo babesten zuen atzeko aldea. Ondorioz, 5 eta 1 aurreratu ziren Urria eta Martirena. Segurolari asko kosta zitzaion partidan sartzea, konfiantza falta agertu zuen, eta bikote urdinak asko nabaritu zuen hori.
Hala ere, Segurolak eta Juaneneak ez zuten amore eman eta nabaritu zen. 6-5 eta 7-6 hurbildu ziren, neurketa berdintzear izan ziren, baina gorriek presioari eutsi zioten eta 11 eta 7 jarri ziren aurretik. Baina hori izan zen gorriek joko honetan egin zuten azken tantoa. Urdinek 0 eta 8ko partziala egin eta markagailua irauli zuten seta 11 eta 15 poltsikoratzeko. Urrizaren 9 tantoak ez ziren nahikoak izan. Martirena beherantz etorri zen azken tantoetan. Aldiz, Juanenea izan zen set honetako pilotaririk onena.
Bigarren jokoa ondo bideratu zuten Urrizak eta Martirenak, aurkariek lehenengoan egindako ahaleginari buelta ematea kostatu zitzaiela ikusita. Seta irabaztea ezinbestekoa zuten finala berdintzeko. 9 eta 3 aurreratu ziren lan erdietan. Jokoak kolore gorria zuen, eta horrela jarraitu zuen amaiera arte: 15-10. Hemen ere Urriza izan zen sendoena bederatzi tanto eta huts bakarrarekin.
Hirugarren joko erabakigarria
Finala hirugarren jokoan erabaki zen, 5 tantora, txapelketa osoan egin bezala. Urdinek gogor hasi zuten eta 1 eta 3 aurreratu ziren Segurolaren hiru tantoei esker, txapela erdia buruan zuten alde horrekin. Eta aukera baliatu zuten, azkenean 2 eta 5 nagusitu baitziren joko erabakigarrian. Juaneneak amaitu zuen finala. Merezita irabazi zuten final handia.
Ondorioz, Beñat Segurola eta Aritz Juananea dira Sagardoaren Txapelketako 13. edizioko irabazleak.
Txapelketako jokalaririk onenaren saria Javi Urriza iruindarrari eman zioten.