Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a (15-14 eta 15-2) eta Ezkurra II.a eta Zubiri (13-15, 15-13 eta 5-2) menderatu dituzte, hurrenez hurren, finalerdietan, Galarretan.

Javier Urrizak eta Ibai Martirenak eta Beñat Segurolak eta Aritz Juaneneak osatutako bikoteek jokatuko dute, ekainaren 12an (astelehena da), Hernaniko Galarretan, Erremontari”ko XIII. Sagardoaren Txapelketako finala; izan ere, astelehenean frontoi horretan bertan jokatutako finalaurrekoetan, Urrizak eta Martirenak Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a menderatu dituzte, bi set irabaziz (15-14 eta 15-2), eta Segurolak eta Juaneneak, ordea, Ezkurra II.a eta Zubiri kanporatu dituzte hiru jokotan (13-15, 15-13 eta 5-2). Hala, bi bikote garaileek “Erremontari”ko final handirako txartela eskuratu dute.

Sagardoaren Txapelketako txapelak, hortaz, final laurdenetako ligaxkako azken sailkapenean lehen bi postuetan amaitu zuten bi bikoteek jokatuko dituzte. Urriza-Martirena eta Segurola-Juanenea izan ziren laurdenetako fase horretako erregularrenak, eta berretsi egin dute hori finalerdietan. Laurdenetan nor baino nor gehiago izan zirenean, Segurolak eta Juaneneak irabazi zuten, hiru setetan, hirugarren jardunaldian, maiatzaren 1ean; baina hura ligaxka zen, eta orain finala dute aurretik, alegia, ez dago bueltarik. Partidak xarma handia du, eta oso erakargarria da.

Hala, Urrizak eta Martirenak argi menderatu dituzte Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a, lehen finalaurrekoan. Gorriek, bikote nafarrak, Alorrenea sagardotegiaren ordezkariek, bi setetan erabaki dute partida; urdinek, bikote gipuzkoarrak, Oialume Zar sagardotegiaren ordezkariek, asko estutu dituzte aurkariak lehen jokoan, baina bigarrenean, ordea, ez dute inolako aukerarik izan.

Neurketaren hasieran, Javier Urrizak eta Ibai Martirenak hartu dute aurrea; 5-3koa jarri dute, eta, pixkanaka, alde hori handiagoa izan da. Etenaldian, 8-5 zihoan partida, eta jarraian 11-5 ere izan dira bi bikoteak; baina, puntu horretan, finalaurrekoa aldatu egin da, eta urdinak gerturatzen hasi dira. 5-0eko partziala eginez, 11na berdindu dute, baina gorriek ez dute etsi, eta 14-12 aurreratu dira. Bikote urdinak, nolanahi ere, amaierara arte borrokatu du, eta berriro ere behartu du berdinketa, 14-14; Urriza eta Martirena gailendu egin dira azken tantoan, eta aurreneko puntua kokatu dute horiek.

Lehen jokoaren azken tantoan erdietsitako 1-0ekoak bultzatuta, gorriek bikain heldu diote bigarren setari. Urriza iruindarrak eta Martirena lekunberriarrak abantaila hartu dute, eta, sendo eta ederto jokatuz, 15-2 irabazi dute, azkenean. Goikoetxeak eta Barrenetxeak ezin izan dute aurkariak estutasunean jarri; aurrelari urnietarrak ez du errematean minik egiterik izan, eta Barrenetxea hernaniarrak, etxean, saiatu egin da atzealdean Martirena gailentzen, baina alferrik.

Horrenbestez, Urrizak eta Martirenak final laurdenetako ligaxkan jasotako 2-0ekoa bueltatu diete Goikoetxeari eta Barrenetxeari. Orduan, aurreneko jardunaldian, bi gipuzkoarrek 15-7 eta 15-12 irabazi zuten; orain, baina, finalaren atarian, ligaxka horretako lehen sailkatuek erakutsi dute sasoi puntu onean daudela, eta final handirako txartela eskuratu dute.

Bigarren finalerdian berdintasun handiagoa izan da; Segurolak eta Juaneneak hirugarren seta baliatu behar izan dute, finalera sailkatzeko. Hainbat tartetan, gorriek kontrolpean izan dute lehen jokoa; puntua, baina, urdinek eskuratu dute. Beñat Segurola eta Aritz Juanenea, Bereziartua sagardotegiko ordezkariak, 10-4 ere izan dira, etenaldiaren ostean; baina Josetxo Ezkurrak eta Aritz Zubirik (Gurutzeta sagardotegia ordezkatu dute) ez dute amore eman, 7-1eko partziala lortu dute, eta 11-11koa jarri dute markagailuan, berdinketa. Aurreneko jokoaren azken zatian, Ezkurrak eta Zubirik gehiagotan asmatu dute, eta 15-13 gailendu dira, finalaurreko lehen puntua irabazita.

Doneztebeko aurrelariak eta Goizuetako atzelariak, finalaurrekoan aurrea hartuta, indar handiz heldu diote bigarren jokoari: 6-1 izan dira aurretik, eta bazirudien, une horretan, gorriek urrun zutela finala, gero eta urrunago ere. Baina, 2-6koa jarrita, Segurolak, Aizarnazabalgo aurrelariak, erosoago jokatu du, eta Juanenea saldiastarrak, atzealdetik, kalitate handiko sake batzuk sartu ditu. Hala, ziztu bizian, gorriak 8-7 jarri dira aurretik, eta 12-7 handik gutxira. Ezkurrak eta Zubirik 12na eta 13na berdindu dute, baina azken bi tantoak gorriek egin dituzte, bata bestearen atzean; beraz, neurketa hirugarren setera iritsi da.

Horretan, Segurola eta Juanenea izan dira nagusi; 5-2 lortu dute sailkatzea, eta finala jokatuko dute, horrenbestez. Azken batean, final laurdenetako neurketan jasotakoa errepikatu egin da; orduan ere, duela astebete, finalistek emaitza irauli egin zuten, hirugarren jokoan irabaziz.