Arluziaga eta Escudero Erremonte Afizionatu Txapelketako txapeldun dira joan den ostiralean Galarretan finala irabazi eta gero. Bikote gorriak Irazu-Aiestaran 40-33 gainditu ziztuzen partida polit batean eta Escuderoren nagusitasuna atzean eta Arluziagaren sendotasuna eta lan ona azpimarratu behar dira.
Partida parekatua izan zen erdira arte eta gorriek hiru-lau tantoko abantailarekin ihes egin zuten arte. Horrek urdinak urduri jarri zituen eta porrotera kondenatu zituzten akats batzuk egin eta gero.
Arluziaga eta Escudero sendo aritu ziren eta ez zioten inoiz aurpegirik galdu partidari. Atzelariak min egin zuen sakearekin eta bikote hobea osatu zuten. Finaleko azken hamar tantoetan urdinek konfiantza apur bat galdu zuten eta hortik ihes egin zien garaipenak.
Gorriek garaipena merezi izan zuten, txapelketa ona egin baitute partida bakarra galduta. Arluziaga 18 urteko gaztearen lana deigarria izan da.