Barrenetxeak gidatuta Ansa II.a eta Juanenearen aurka 20-40 irabazi du bikote urdinak
Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak 20-40 irabazi zuten Orona Fundazioko Erremonte Txapelketako finalerdia. Partida hasi zenetik Barrenetxea IV.aren erakustaldi izugarria ikusi zen Galarretan, Ansa II.are eta Juanenearen aurka.
Atzelari hernaniarrak 25 tanto egin zituen guztira. 25 horietatik hamahiru sakez egin zituen eta partidan hasieratik bukaerara agindu zuen. Kantxan bikote bakarra egon zen Barrenetxearen lan onari esker. Bere partida gogoratzekoa izan zen.
Hasieratik bikain hasi ziren urdinak eta zazpi tantoko errenta lortu zuten 2-9koan eta hamabi tantokoa 3-15ekoan. Urdinek ez zuten hutsik egiten eta Ansa eta Juanenea ezinean ari ziren. Goikoetxeak ondo eusten zion huts egin gabe eta arriskatu gabe. Ondo zekien bere lana eta pilotak errebotera bidaltzen zituen eta hor Juanenea ez zegoen eroso. Ansa oso gutxi sartzen zen jokoan, eta egiten zuenean hotz sentitzen zen. Hala ere partida 8 eta 12 tanto arteko abantaila urdinetan egonkortu zen. Barrenetxeak lau pilota huts egin zituen ia jarraian, baina ez zuten fakturarik pasatu. Piloteoan konfiantza hartu zuenean sakeak hegan eraman zuen. Sakeak lehenengo tantotik eta 40 arteko tantora arte funtzionatu zion. Lagunak akatsik egin gabe laguntzen badu, ia gaindiezinak dira.
Takada urdinak bata bestearen atzetik zihoazen eta azken-aurrekoa behin betikoa izan zen, 15-31 aurretik jarri baitzituen. Ansak eta Juaneneak 20. tantoa egin zuten Goikoetxearen lehen hutsekin, arriskatzeko gogoz, eta 13 tantoko desabantaila, 20-33, markagailuan bikoiztu zuten urdinen azken zazpi tantoekin, 20-40.
Barrenetxeak hiru tanto egin zituen saketik, hamabi piloteoan eta lau huts bakarrik egin zituen. Goikoetxeak ondo lagundu zuen 9 tanto eta hiru akatsekin, hirurak azkenean norgehiagoka erabakita zegoenean. Gorrietan Ansak bederatzi tanto eta bi huts egin zituen eta atzean Juaneneak bi tanto egin zituen piloteoan, bat saketik eta lau huts. Atzean, Barrenetxea jaun eta jabe izan zen Juanenearen aurka.
Beraz, finala erabakita dago eta datorren larunbatean Segurolak eta Larrañagak Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Aurretik, astelehenean, 11:00etan, BINAKAKO FINALA jokatzeko materiala aukeratuko dute.