40-22 irabazi dute, lehen postuan jarri dira, eta galtzaileek 26 tanto baino gutxiagoan utzi behar dituzte azken jardunaldian Segurola eta Larrañaga
Ansak eta Juaneneak 40-22 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Martirenari Binakako Erremonte Txapelketako ligaxkako azken-aurreko jardunaldian. Emaitza honek galtzaileak kanporatzetik gertu uzten ditu eta irabazleak ligaxkako liderrak dira, partida baten faltan.
Ezkurra II.ak eta Martirenak 26 tanto baino gutxiagoan utzi behar dituzte Segurola eta Larrañaga azken jardunaldian. Horrela, Segurolak eta Larrañagak puntu negatiboa izango lukete eta zortzi puntuko berdinketarekin Ezkurra II-Martirena finalerdietara sailkatuko lirateke, bien arteko lehia dela eta. Hori bai, Segurolak eta Larrañagak asko izango dute jokoan azken jardunaldi horretan, garaipen batek zuzenean sailkatuko bailieke finalera ligaxkako lehen postuan.
Bestalde, Ansa II.a eta Juanenea finalerdietara sailkatuta daude gutxienez hamabi punturekin eta azken jardunaldian Segurola eta Larrañagak ez badute irabazten finalistak izango dira. Bestetik, Ezkurra II.aren eta Martirenaren puntu negatiboko porrotak zuzenean finalerdietara sailkatzen ditu Goikoetxea V eta Barrenetxea IV.a.
Partidak zortzinako berdinketara arte izan zuen emozioa. Hortik aurrera, urdin itzali batzuen aurrean, gorriak nagusi izan ziren. Ezkurra II.ak eta Martirenak ez zuten euren eguna izan. Markagailua 20-10, 27-13, 34-14, 38-17 hautsi zen eta 40-22koarekin itxi zen.
Ansa II.ak eta Juaneneak ia ez zuten partidu osoan huts egin. Hiru akats besterik ez zituzten egin eta Juaneneak Martirena menderatu zuen. Ansak ez zuen asko arriskatu behar izan eta abantailan jokatu zuen.
Urnietako aurrelariak 15 tanto egin zituen huts bakar batengatik. Inoiz baino seguruago egon zen. Ezkurrak 14 tanto eta sei huts egin zituen. Atzeko koadroetan Juaneneak partida bikaina osatu zuen sakez egindako hiru tantorekin eta piloteoan egindako hamarrekin. Martirenak 5 tanto egin zituen sei akatsengatik.
Sailkapena
1. Ansa II-Juanenea 12 puntu 4 partida
2. Segurola-Larrañaga 9 puntu 3 partida
3. Goikoetxea V-Barrenetxea IV 9 puntu 4 partida
4. Aldabe-Azpiroz 6 puntu 4 partida
5. Ezkurra II-Martirena 4 puntu 3 partida