Ansa II.ak 30-21 irabazi zion Juaneneari Kutxabank Torneoko ligaxkako bigarren jardunaldiko lehen partida. Urnietarrak kolpe bat eman du mahaian eta sailkapenean lau punturekin kokatu da Juanenearen bi puntugatik. Azken jardunaldian Juanenea Urrizarekin ikusiko da eta Ansa Barrenetxearekin.
Bi pilotarien arteko aldea sakean egon zen. Ansa ziur egon zen eta saketik 11 tanto egin zituen Juanenearen lau tantoren truke. Piloteoan partida parekatuagoa egon zen, baina hor ere urnietarra gogorrago aritu zen.
Nahiz eta aldeak handiak ez izan, Ansak beti eraman zuen aurrea. Lehia irabazlearen 7-0eko azken partzialean erabaki zen, 23-21ekotik 30-21era. Zazpi tanto horietatik bost saketik egin zituen.
Ansak ondo hasi zuen lehia 4-1eko emaitzarekin. Juaneneak 7-6ko tantora murriztu zuen desabantaila eta abantaila horietan zihoan partida: 11-9, 14-12, 19-15, 22-18… 23-21era arte. Bazirudien gehiago hurbildu zitekeela, baina 23, 24. 25., 28. eta 30. tantoak saketik iritsi ziren.
Jokoan eta sakean nagusi izateak bederatzi tantoko azken errenta ekarri zuen. Ansa konfiantzaz ikusi zuten. Jokaldi gehiago egin zituen eta pilota bortitzago jo zuen. Juaneneak atzean jo eta defendatu egin zuen, baina hobeto ateratzea falta izan zitzaion. Ansak 18 tanto egin zituen piloteoan eta Juaneneak 16 eta bi erremontistek huts bakarra egin zuten.
Binakako estelarrean Ezkurra II.ak eta Zubirik 30-28 irabazi zieten Segurola eta Azpirozi. Abantaila laburrak izan zituzten Segurolak eta Azpirozek eta 27-28tik 30-28ra pasa zen. Ezkurra izan zen onena 17 tanto eta bi akats eginda (17-4).