30-22ko emaitzak ez du erakusten partiduaren gogortasuna
Javier Urrizak 30-22 irabazi zuen Kutxabank Torneoko ligaxkaren bigarren partidua, Ansa II.aren aurka. Estraineko partidua zuten bi erremontistek eta garaileak lau puntu ditu sailkapenean eta galtzaileak ez zuen punturik batu. Honela aurreneko jardunaldia amaituta Urriza eta Barrenetxeak agintzen dute sailkapenean lau punturekin; Juanenea hirugarren postuan dago bi punturekin; eta Ansa urnietarrak ixten du sailkapena punturik gabe.
Hurrengo jardunaldian, abuztuaren 19an eta 20an, lehenengo jardunaldiko irabazleek beraien artean ariko dira, larunbatean, eta galtzaileak euren artean, ostiralean, hilak 19an. Hortaz, Juaneneak, Ansaren aurka jokatuko du eta Barrenetxeak, Urrizaren kontra.
Atzoko partiduan Ansak gertu izan zuen Urriza ia partidu guztian zehar, baina azken tantoetan, partiduak erabakitzen diren unean, Urrizak 11-3ko partzialarekin lau puntuak eskuratu zituen. 19nako berdinketa izan zen eta ordura arte Urrizak peloteoan agindu egiten zuen eta Ansak berriz sakean.
Urnietarrak bat eta bi tantoren abantailak eraman zituen hasieran, nahiz eta bina, launako zortzinako berdinketak izan. Orduan lau tantoren aldea lortu zuen Ansak, 12-16. Hala ere, Urrizak berriz ere berdinketak lortu zituen 16na eta 19na.
Bosgarren tantuan Urrizak eskumuturrean min hartu zuen eta 20-19koan aldageletara joan zen. Bueltan, Ansak tanto egin zuen, bi pareteko jokaldi batekin, baina Urriza hobeto sakatzen hasi zen eta erreskadan hiruzpalau tanto egin eta ihes egin zuen markagailuan 29-22. Tartean, urnietarraren akats batzuk ere etorri ziren eta partidua 30-22 erabaki zuen, zazpi aldiz txapeldun izan den erremontistak.
Zigor haundiegia Ansarentzat
Azkenengo tantoetan ikusi zen amaierara arte kontzentrazioa beharrezkoa dela. Zortzi tantoren abantaila zigor haundiegia izan zen Ansarentzat, ikusi zen partiduarentzako. Aldageletako geldialdiak kalte gehiago egin zion urnietarrari. Erritmoa galdu zuen eta hotz geratu zen. Urrizari berriz alderantziz, oso ongi etorri zitzaion. Esperientzia nabaritu zen.
Partiduak ordubete eta bost minutuko iraupena izan zuen, baina ez zuen lehenengo partiduko erritmoa eduki. geldialdi gehiago izan zituen eta hori ikuskizunean nabaritu zen.
Jaialdiko lehenengo partiduan Loitegi urnietarrak eta Zubiri goizuetarrak 35-23 garaitu zituzten Etxarri eta Martirena. Hirugarren partiduan Ezkurra II.a eta Azpirozek erraz gainditu zituzten, 28-40 Goikoetxea eta Barrenetxea. Ezkurrak erakustaldia eman zuen eta 25 tantorekin amaitu zuen. Goikoetxea mendean izan zuen. Barrenetxeak heldu zion partiduari erdira arte, baina hortik aurrera ezin izan zuten Ezkurraren erauntsia gelditu.