Ezkurra II.ak 30-23 gainditu du Azpiroz final-laurdenetako ligaxkaren bigarren partidan eta Huitziko atzelaria Kutxabank Torneotik kanpora geratu da. Bi partidak galdu ditu eta aukerarik gabe geratu da azken fasera sailkatzeko. 

Ezkurra aldiz sailkatzea Juanenearen aurka jokatu beharko du. Biak lau puntu dituzte eta bien arteko, larunbateko, garaileak lortuko du sailkapena eta bestea kanporatua izango da. 

Ezkurra nagusi izan zen Azpirozen aurka nahiz eta azkenean aurkaria markagailuan hurbildu. Hasieratik ihes egin zuen Ezkurrak 5-1, 12-5, 18-8 eta 24-10. Bazirudien partida berehala amaituko zela, baina atzelariak markagailuan desabantailak murrizten hasi zen 26-16, 27-20 eta 28-22. Hala ere ezin izan zuen gehiago hurbildu eta doneztebearrak lortu zituen lau puntuak. Ezkurrak 23 tanto egin zituen piloteoan eta oso nagusi izan zen arlo horretan. Sakearekin ere ongi aritu zen lau tantorekin. Bost akats egin zituen, baina ia denak partidaren amaieran, erabakita zegoenean. Azpiroz gaindituta aurkitu zen hasieratik. Sakearekin sei tanto egin zituen eta 12 piloteoan. Hiru akats egin zituen. Bere ibilbidea banakakoan hemen amaitu da. 

Ansa eta Barrenetxea, nagusi

Binakako estelarrean Ansa eta Barrenetxeak erraz gainditu zituzten, 40-26, Urriza eta Juanenea. Barrenetxea jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan eta horren ondorioz Ansak erasokor eta ausart jokatu zuen. Urnietarrak ez zuen apenas hutsik egin eta horrek garaipena erraztu zuen.

Partida guztian izan ziren nagusi gorriak. 14-7 aurreratu ziren eta nahiz eta urdinak 14na berdindu jokoan gutxiago ziren. Bigarren aldiz lortu zuten ihes egitea gorriek, 24-17 eta abantailak handitu besterik ez ziren egin amaierako 40-26ra arte.

Barrenetxeak saketik bederatzi tanto egin zituen. Bikain aritu zen sakean. Pilotean sei gehiago lortu zituen eta bi huts egite bakarrik egin zituen hernaniarrak. Ansak 19 tanto eta bi akats egin zituen, Urrizaren gainetik. Iruindarrak 15 tanto eta bi hutsekin amaitu zuen eta Juaneneak saketik tantoa, piloteoan lau eta lau hutsekin amaitu zuen. Lehenengo partidan Goikoetxea eta Odeik 35-33 lortu zuten garaipena, Loitegi eta Apezetxearen aurka. Partida polita, berdindua eta ikusgarria jokatu zuten lauak.