Ezkurra II.ak eta Juaneneak 30-35 irabazi zieten Urriza eta Zubiriri eta Ansa II eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak gaurko finalean

B multzoan, Goikoetxea V-Odeik, Loitegi-Apezetxeari 35-23 irabazi ziotenak, Zaldua II-Martirenaren aurkariak izango dira.

Zarauzko Torneoak B multzoko eta A multzoko finalak jokatuko ditu bihar, 17: 30etik aurrera, Aritzbatalde pilotalekuan. A multzoan Ansa II-Azpiroz bikoteak Ezkurra II-Juanenearen aurka jokatuko du. San Fermin Torneoko final bera da, gaur Ezkurra II.ak eta Juaneneak 30-35 gainditu baitituzte Urriza eta Zubiri bigarren finalerdian.
B multzoan Goikoetxea V.ak eta Odeik aise kanporatu dituzte Loitegi eta Apezetxea, 35-23, eta Zaldua II.aren eta Martirenaren aurka jokatuko dute biharko finalean.
A multzoko finalerdia partida bikaina izan da. Partidak ordubete iraun du, eta erremonte bikaina ikusi da, lau erremontistak entxufatuta. Azkenean, garaipena urdina izan da Ezkurra II.aren lan ezin hobeari esker, 18 tanto egin baititu, horietatik bederatzi bi paretetara. Urriza ere maila bikainean aritu da 17 tantorekin, lau bi paretatan. Atzelariek ere distiratsu aritu dira. Asko defendatu dute eta batez ere oso seguru egon dira ia pilotarik huts egin gabe. Publikoak asko gozatu du eta behin baino gehiagotan altxatu da txalotzeko.
Partida berdinduta joan da 25nakora arte. Hasieran gorriek bost tantoko aldea hartu dute, 3-8, baina urdinak azkar itzuli dira partidura. Finalerdiak une ikusgarriak izan ditu, berdinketa etengabeekin. Ia amaieran iritsi da urdinen aldea. 25nako berdinketatik 26-30era pasa da eta abantaila horiek motz baina nahikoa mantendu dituzte final handira iristeko.
Final hau San Fermineko lau erremontista berdinak osatuko dute eta errebantxa zaporea izango du.
B multzoko finalerdia Goikoetxea nabarmendu da erasoan eta Odei defentsan eta erasoan. Atzelariak 8 tanto egin ditu saketik eta zazpi piloteoan, ia hutsik egin gabe. Goikoetxeak hutsik gabe 13 tanto egin ditu. Markagailua 11-9koan berdindu da, baina gorriek aldea ireki dute eta argi nagusitu dira.