Ekainaren 27an, astelehena, hasi eta uztailaren 15ean, ostirala, amaituko den erremonteko San Fermin Torneoaren edizio berri baten aurkezpena egin da gaur Donostian, Construcciones Sukia Eraikuntzaren egoitzan.


Txapelketak lau bikote izango ditu: Urriza-Labaka, Aldabe-Barrenetxea IV, Ansa II-Azpiroz eta Ezkurra II-Juanenea.


Txapelketa bost jardunalditan jokatuko da. Ekainaren 27an, uztailaren 4an eta uztailaren 7an denek denen aurkako ligaxkako partidak jokatuko dira. Uztailaren 9an, larunbata, finalerdia jokatuko da eta uztailaren 15ean, ostirala, finala.


Partidak Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dira. Lehenengo eta bigarren jardunaldia, ekainaren 27an eta uztailaren 4an, 18:00etan hasiko dira. Ligaxkako hirugarren jardunaldia uztailaren 7an, ostegunean, jokatuko da, 16:30etatik aurrera, uztailaren 9ko finalerdia bezala. Final handia uztailaren 15ean jokatuko da, 18:00etatik aurrera.


Partidak 30 tantora jokatuko dira eta Sagardoaren Txapelketan bezala puntuatuko da. Lau puntu irabazleak, bi puntu 29-27 tantoren artean egiten duenak, puntu bat 26-24 tantoren artean egiten duenak, ez du puntuatuko 23-17 tantoren artean geratzen den bikoteak, eta puntu negatiboa izango du 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak.

Aurreneko sailkatua finalera sailkatuko da zuzenean, bigarren eta hirugarren sailkatuek jokatuko dute finalerdia eta laugarrena kanporatua izango da.


Urriza eta Aizpuru II izan ziren iazko irabazleak. Finalean Ansa II-Larrañaga bikoteari irabazi zioten.