XII. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu da gaur Galarretan eta aurten pasa den urtean izan zuen arrakasta ikusita, ildo beretik jarraituko du txapelketak. ETB1eko ‘Erremontari’ saioaren barruan jokatuko da, aurten ere, txapelketa astelehenero, apirilaren 25an hasi eta ekainaren 20an bukatuta finalarekin.Bigarren urtez jarraian tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Galarreta frontoian eta aurten gainera ikusleak izango dira.

Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Harmailetan ikusleek kolorea emango diote txapelketari eta noski, giroa ere bai.Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 25etik aurrera, astelehenero gauetan ETB1en  eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du prime time-an.


SEI BIKOTE, ZAZPI JARDUNALDI, FINALERDIA ETA FINALA

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Zubiri (Larre-Gain), Aldabe-Larrañaga (Bereziartua), Ezkurra II-Zaldua I (Gurutzeta), Segurola-Azpiroz (Petritegi) eta Ansa II-Juanenea (Setien). Txapelketaren formatuan, denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta bi bikote kanporatuak izango dira.
ç

Partidu guztiak 30 tantura jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tantu artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantura puntua, 23tik 17 tantura punturik ez eta 16 edo gutxuago tantu egina puntu negatiboa. Finalerdiak ekainaren 13an jokatuko dira eta lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 20ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. 

Astelehenero bi partidu jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia, apirilaren 25ean izango da. Bigarrena maiatzaren 2an jokatuko da. Hirugarrena maiatzaren 9an. Laugarrena maiatzaren 16an. Bosgarrena, maiatzaren 23an. Seigarrena, maiatzaren 30ean. Zazpigarrena, ekainaren 6an. Urriza-Zaldua (Bereziartua) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Labaka (Setien) 30-22 garaitu eta gero. 

Aurtengo txapelketak maila altuagoa izango du Ezkurra II, Azpiroz eta Aldabe bezalako erremontistak txapelketan sartu eta gero. Binakako Txapelketaren mailakoa edo altuagokoa izango da eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da. Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Peio Gartziandia Oronako ordezkaria, sagardotegi guztietako ordezkariak eta Donostia Turismoko arduradunak ere bai.