Urriza eta Labaka izango dira Ansa II-Martirenaren aurkariak datorren abenduaren 30ean Galarretan jokatuko den Binakako finalean. Goikoetxea V-Barrenetxea IV.a hartu zuten mendean bigarren finalerdian, 36-40ko emaitzarekin.
Partidak emozioa izan zuen eta gogorra eta piloteatua izan zen. Pilotek bere eragina izan zuten eta bikoteei laguntzen zien. Horrela, Goikoetxea eta Barrenetxea 6-0 irabazten hasi ziren. Atzelariak ondo ateratzen zuen eta nagusi zen eta urdinak hotz samar atera ziren, nahiz eta azkar berotu ziren euren pilotarekin.
8-2tik 15-24ra pasa zen partida 7-22ko partzialarekin. Tarte horretan Urriza jaun eta jabe izan zen Goikoetxearen aurrean. Ez zuen asmatzen urnietarrak eta Barrenetxeak ez zuen hutsunerik ikusten. Urdinak piloteoan nagusi ziren. Partidak irabazle argia izango zuela zirudien, baina 19-27tik aurrera erabat aldatu zen partida.
Barrenetxea hobeto ateratzen eta jokoan gehiago sartzen hasi zen. Ahalegin handia egin zuten eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen joan ziren eta 30-28 aurretik jarri ere bai 11-1eko partzialarekin. Gorriek piloteoa menderatzen zuten, baina urdinek sufritzen eta partiduari heltzen jakin zuten.
Gainera, Labakak erakutsi zuen ateratzen ere badakiela, eta horrek arnasa eman zien Urrizari eta berari.
Finalerdiko azken hamarrena berdindua izan zen. Urrizak eta Labakak ez zuten ia hutsik egin. Aldiz, gorrietan Goikoetxeak tanto onen bat edo beste huts garbi batekin tartekatzen zuen eta horrek min handia egin zien. 34ko berdinketaren ondoren, Barrenetxeak eta Goikoetxeak 34-36koa jarri zuten. 35-37koa Urrizaren pilotakada ona izan zen, 35-38koa Labakaren sakea, Goikoetxeak pilota argia huts egin zuen 36-39koan eta Labakaren paretatik ateratako sake milimetriko batek itxi zuen finalerdia.
Urrizak 18 tanto eta bi huts egin zituen. Labakak lau tanto egin zituen piloteoan, zazpi saketik eta bi huts. Barrenetxea izan zen partidako pilotaririk nabarmenena, 14 tanto egin piloteoan, bederatzi saketik. Goikoetxeak hamar tanto eta zazpi huts egin zituen.