Binakako 51. Erremonte Txapelketa-Orona Sari Nagusiko lehenengo partida Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten, Juanenea eta Aizpuru III.ari 40-28 irabazita. Garaipen honekin irabazleek txapelketako lehen lau puntuak eskuratu dituzte, eta galtzaileak zero puntutan geratu dira.

Partida berdinduta joan zen 25-23ra arte. Aizpuru III.ak Barrenetxea IV.ari eutsi zion, gehiago ezin izan zuen arte. Hortik aurrera urdinen akats batzuk medio eta atzelari hernaniarrak bere joko bikainarekin jarraitu zuelarik partida erabaki zuten.


Barrenetxea jaun eta jabe izan zen partidan. Bere zenbakiak ikusgarriak izan ziren. 26 tantorekin bukatu zuen, 16 piloteoan eta hamar sakean, atzelari batentzako ikaragarri, Barrenetxeak jokatu zuen maila erakusten duena.


Aizpuruk ahal zuen moduan eutsi zion, eta urdinek norgehiagokaren hasiera ongi eraman zuten, 0-5 eta 5-10. Gorriek azkar erreakzionatu zuten eta hamabina berdindu zuten eta lehen errentak hartu zituzten 19-17koan bezala. 25-23kotik aurrera 15-5eko partzialak partida itxi zuen.


Barrenetxeak gozatu egin zuen. Jo, arriskatu eta konfiantza handiz ikusi zen. Inork ez bezala jo zuen ezkerreko pareta, eta Goikoetxeak arriskatu gabe eta sendo lagundu zion. Urnietako aurrelariak zazpi tanto eta hiru huts egin zituen.


Urdinetan Juanenea ezin izan zen nagusitu. Gehiago jokatu zuten aurkariaren atzelaria zigortzera, eta hor ez zuten ahuleziarik aurkitu. Zalantzarik gabe, atzelarien partida izan zen, aurrelariena baino gehiago. Barrenetxea nola zegoen ikusita, agian gehiago bilatu beharko zuten Goikoetxea eta jokaldiekin arriskatu koadro alaietan. Juaneneak hamar tanto egin zituen bi akatsengatik eta Aizpuru III.ak lau tanto egin zituen saketik eta zortzi piloteoan.