Urriza txapelketak irabazten jarraitzen du eta asteazkenean, Aizpuru III.arekin batera, San Fermin Torneoa irabazi zuen Galarretan. Txapeldunek 30-29 irabazi zioten Ansa II-Larrañagari. Hauek 28-29 zeuden aurretik, baina ezin izan zuten finala itxi eta Aizpururen bi paretek eta Ansaren akats batek Urriza eta Aizpuru III.ari eman zieten garaipena.


Partida bikaina izan zen eta lau erremontistak oso ondo aritu ziren, maila handian jokatzen. Azkar jokatu zen eta emozioa eta berdintasuna izan ziren une oro. Alternatibak etengabeak izan ziren eta inor ez zen hiru tanto baino gehiago urrundu.

Urriza berriz ere oso seguru aritu zen eta pilota bakarra huts egin zuen partida osoan, Larrañagak jokoan asko ez sartzea lortu zuen arren. Atzelari azkoitiarra bikain aritu zen pilota jaisten, pilotakada asko hormara arrimatzen eta Iruñeko aurrelaria gainetik pasatzea lortu zuen askotan. Ansak Urrizarekin borroka polita eta berdindua izan zuen, baina beste behin ere ihes egin zion garaipenak finalean. Gero eta gertuago dago, baina zaila egiten zaio txapela bururatzea. Aizpuruk ederki bete zuen bere papera.

B Txapelketan Loitegi eta Zubiri nagusitu ziren Urrutia II.aren eta Martirenaren aurka 21-30. Zubiri jaun eta jabe izan zen, eta huts bakar batekin erabaki zuen partida bere esperientzi eta partida handiarekin. Goizuetakoak Loitegi izan zuen lagun eta Urrutia II.a gainditu zuen une oro, baita Martirena ere.
San Fermin Torneoko finaleko beste albiste aipagarriena harmailetan 300 pertsona baino gehiago egotea izan zen, eta gainera ez ziren pilotalekuko ohikoak, Galarretara joatera animatzen ari diren gazte asko baizik.