Urrizak eta Aizpuru III.ak 30-22 irabazi zieten Juanenea eta Barrenetxea IV.ari larunbatean Galarretan, eta San Fermin torneoko lehen bikote finalista da. Bi bikoteek finalerako txartela zuten jokoan, baina gorriek gehiago asmatu zuten une garrantzitsuetan eta lehen partidan bezala, Ansa II-Larrañagaren aurka, oso seguru eta langile agertu ziren. Lan horrek eta egin zituzten huts apurrek, bata bestearen artean, garaipena eman zieten.
Urrizak 14 tanto eta huts bat egin zituen eta partida oso berdindua izan zen 20-19ra arte. Hor, 9-1eko partzial batek erabaki zuten norgehiagoka. Aizpuruk ondo lagundu zion Urrizari, lau tanto egin zituen saketik eta beste lau piloteoan, akatsik egin gabe. Urdinetan Juaneneak 12 tanto egin zituen eta lau akats, Barrenetxeak bost tanto egin zituen saketik, lau piloteoan eta bost akats.
Asteazkenean Ansa II-Larrañaga eta Juanenea-Barrenetxea IV.aren arteko finalerdia jokatuko da. Irabazlea Urriza eta Aizpuru III.aren aurkaria izango da finalean eta galtzaileak kanporatuta geratuko dira.
B multzoko finalista eta finalerdietako bi bikoteak ere ezagutzen dira San Fermin B Torneoan, Urrutia II eta Martirena finalera sailkatu dira, ligaxkako azken partida Loitegi eta Zubiriren aurka 27-30 galdu duten arren. Jaialdiko partidarik politenean, Zubiri nabarmendu zen besteen gainetik. Partida bikaina jokatu zuen goizuetarrak. Gorriak 27ra iritsi ziren eta finala ziurtatu zuten 27-26 irabazten ari zirenean, baina azken lau tantoak urdinenak izan ziren. Loitegik eta Zubirik, multzoko bigarrenak, Zaldua II-Labakaren aurka jokatuko dute finalerdia.