XI. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu zen pasa den ostegunean Galarretan eta aurten dena da berria. ETB1eko ‘Erremontari’ saioaren barruan jokatuko da txapelketa astelehenero, apirilaren 12an hasi eta ekainaren 7an bukatuta finalarekin.
Horrek tradizioa eta modernitatea uztartzea ekarriko du. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 12tik aurrera, astelehenero 22:15etan ETB1en eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du prime time-an.
Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Etxarri-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Juanenea-Zubiri (Larre-Gain), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Goikoetxea V-Aizpuru III (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Ansa II-Labaka (Setien). Beste sagardotegi bat ere izango da protagonista, 2019ko azken txapelduna, Petritegi.
Aurtengo berezitasunik esanguratsuenetakoa da. Azken txapelduna izan zenez, aurten Petritegik bikote guztietan izango du errepresentazioa.Horretaz gain, txapelketan zehar, pilotari onena (aurrelaria eta atzelaria) erabakiko duen rankinaren errepresentatzailea ere izango da. Hortaz, finalean banatuko diren sariak ematearen ardura eta ohorea izango dute.
Txapelketaren formatuan denak denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta bi bikote kanporatuak izango dira.Partidu guztiak 30 tantura jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tantu artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantura puntua, 23tik 17 tantura punturik ez eta 16 edo gutxuago tantu egina puntu negatiboa.
Finalerdiak maiatzaren 31n jokatuko dira eta lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 7ko finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko.
Astelehenero bi partidu jokatuko dira eta lehenengo jardunaldian, apirilaren 12an, Urriza-Zaldua (Bereziartua) Etxarri-Barrenetxearen (Oialume Zar) kontra jokatuko dute lehenengo partiduan eta ondoren Ansa II-Labaka (Setien), Juanenea-Zubiriren (Larre-Gain) kontra.Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Pello Gartziandia oronako ordezkaria eta sgardotegi guztietako ordezkariak.