Bihar jokatuko da Oriamendi Torneoko final handia. Goikoetxea V.ak eta Labakak finalerako bidean partida guztiak irabazi dituzte, sei, eta Segurola eta Zaldua I.ak bakarra galdu zuten, biharko aurkarien aurka 40-39..

Bi bikoteak merezimendu osoz iritsi dira finalera eta torneoko onenak direla erakutsi dute. Erremontisten erregulartasunak eta sasoi onak ikuskizuna ziurtatzen dute ikuslerik izango ez duen final batean.

Goikoetxea eta Segurola izan dira txapelketako protagonista nagusiak aurreko koadroetan eta orain arteko onenak orokorrean ere bai. Bien arteko borrokak erabaki dezake finala. Bi pilotari boteretsu eta kolpe handikoak dira, ondo ateratzen duten bi atzelarirekin batera. Labaka edo Zalduak beraien jokoa hobetzen badute partida hautsi dezakete.

Ligaxkako partida ezin parekatuagoa izan zen eta horrek bi bikoteek duten antzeko maila adierazten du. Ostegunean pilotak aukeratu zituzten. Segurolak ezin izan zuen Galarretan egon, baina Zalduak aukeratu zituen finala urdinez jokatuko duten bikotearentzat. Goikoetxeak eta Labakak gorriz jokatuko dute.