Oriamendi Torneoko ligaxka atzo iritsi zen amaierara Segurola-Zaldua I bikoteak Urrutia II-Aizpuru III.aren aurka eta Zaldua II-Larrañagak Mirubia-Martirenaren aurka lortutako garaipenekin. Emaitza horiek ez dute eragin handirik sailkapenean.
Goikoetxea V.ak eta Labakak 20 punturekin bukatu dute lehen postuan, Segurolak eta Zaldua I.ak bigarren16 punturekin, Urrutia II-Aizpuru III.ak hirugarren 14 punturekin eta Mirubiak eta Martirenak 10 punturekin laugarren amaitu dute. Zaldua II-Larrañaga 7 punturekin eta Etxarri-Zubiri lau punturekin geratu dira txapelketatik kanpo.
Finalerdiak Goikoetxea eta Labakak, Mirubia eta Martirenaren aurka eta Segurola-Zaldua I.ak Urrutia eta Aizpururen aurka jokatuko dituzte.
Hain zuzen ere, bigarren partida hau izan zen gaurko lehen partida. Partida parekatu batean Segurolak eta Zalduak 40-38 irabazi zuten. Segurola izan zen berriz ere pilotari aipagarriena eta 38rekin berdinduta zihoazenean urdinen bi akatsek partida oso parekatua erabaki zuten.
Bigarren partidan Zaldua II.ak eta Larrañagak 40-32 hartu zituzten mendean Mirubia eta Martirena. Gorriak azken bi partidak irabaziz amaitu dute, baina ez dute sailkatzeko balio izan. 30. berdinketara arte partida parekatua izan zen, baina Mirubia eta Martirenak amaieran akats batzuk egin zituzten.