Etxarri eta Zubiri goizuetarrak ostegunean 40-19 galdu zuten Urrutia II eta Aipzuru III.aren aurka Oriamendi Torneoko aurreneko partiduan eta bihar bigarren partidua izanen dute 17:00etatik aurrera Galarretan. Bertan, Mirubia (garai batean Etxabe II) eta Martirena izanen dituzte aurrez aurre.

Partidu hau orain hamabi egun zegoen iragarrita, baina hezetasunaren ondorioz bertan behera geratu zen.Tartean beste jardunaldi bat egon da eta azkenean bihar berreskuratuko dute partidua, egutegia bere onera itzuliz. Mirubia eta Martirenaren aurreneko partidua da eta Etxarri eta Zubirirentzat bigarrengoa.


Gogoratu Oriamendi Torneoan sei bikotek hartzen dutela parte eta lehenengo fasean denek denen aurka ariko dira. Bikote bakoitzak bost partidu izanen ditu eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sartuko dira. Azkenengo biak kanporatu eginen dituzte. Etxarri eta Zubirik gaur galduz gero azken hiru partiduak irabazteko beharra izanen lukete seguruenik.

Segurola eta Zaldua I.a Oriamendi Torneoko ligaxkan lider daude sei punturekin, baina bi partidu jokatu dituzte eta beste bikote denak norgehiagoka gutxiago dituzte sailkapenean. Bigarren postuan daude lau punturekin berdinduta Urrutia II-Aizpuru III eta Goikoetxea V-Labaka. Punturik gabe, ez dutelako partidurik jokatu, laugarren daude Mirubia eta Martirena eta puntu negatiboa dute Zaldua II-Larrañaga eta Etxarri-Zubirik.

Ostegunean beste bi partidu jokatuko dira
Oriamendi Torneoak etzi, ostegunean, jarraituko du beste bi partidurekin. 17:00etan hasiko da jaialdia eta lehenengo partiduan Zaldua II eta Larrañagak, Goikoetxea V eta Labakaren aurka jokatuko dute. Bigarren partiduan neurtuko dira Mirubia-Martirena eta Urrutia II-Aizpuru III.
Honela, osteguneko biak jokatzean bikote guztiek bi partidu izango dituzte jokatuak eta sailkapena benetan nola dagoen ongi ikusiko da.


Gogoratu behar da Galarretan ateak itxita daudela eta ikuslerik gabe ari dira jokatzen txapelketa eta partidu guztiak. Oriamendi Torneoa ez da salbuespena.