Goikoetxea V-Labaka eta Urrutia II-Aizpuru III bikoteak izan ziren Oriamendi Torneoko bigarren jardunaldiko irabazleak. Jaialdiko lehen partidan Goikoetxea V-Labakak Segurola eta Zaldua I.ari irabazi zieten, azken hauek asteartean lehen partida irabazi eta gero. Jaialdiko bigarren partidan Urrutia II.ak eta Aizpuru III.ak erraz gainditu zituzten Etxarri eta Zubiri, 40-19. Bi bikoteak elehenengo partida zuten txapelketan.


Segurola eta Zaldua I.a Oriamendi Torneoko finalerdietarako sailkatuta daude, nahiz eta 40-39 galdu. Sei puntu dituzte eta Zaldua II.ak eta Larrañagak, taldeko beste bikoteak, ezin dituzte inoiz lortu. Goikoetxeak eta Labakak, lau punturekin, puntu negatiboa ez lortzea baino ez dute behar azken jardunaldian, edo bestela esanda, 26 tanto eginez gero sailkatuta leudeke eta, kasu horretan, garaipenak ez lieke balio izango Zaldua II.ari eta Larrañagari.


Partida polita izan zen eta Labaka gorrien artean eta Segurola urdinen artean nabarmendu ziren. Partida bikaina jokatu zuten eta aurrelari urdinak 22 tanto egin zituen eta 19 tanto atzelari urdinak Zaldua I.a menderatuz.

Bigarren partidan ez zen historiarik izan. Aizpuru III.a jaun eta jabe izan zen, Urrutia II lagun zuela, Etxarri eta Zubiriren aurka. Urrutiak 11 tanto egin zituen eta 21 tanto eta akats gutxi egin zituen Aizpuruk. Talde honetan irabazleek lau puntu dituzte orain eta galtzaileek puntu negatiboa dute. Etxarrik eta Zubirik zail dute sailkatzea, baina Mirubia eta Martirenaren debuta ikusi behar da.