Urrizak 30-25 garaitu zuen Barrenetxea IV.a UTS Master Txapelketako finalean. Larunbata gauean jokatu zen partida eta iruindarrak bere seigarren txapela lortu du txapelketa honetan. Zazpi buruz buruko, sei binakako eta sei Master baditu bere palmaresean eta denak batuz gero 19 txapela ditu jadanik. Denboraldia ezin hobeto itxi du torneo guztietan irabazi eta gero; 50. Urteurrenaren txapela, Kutxabank Txapelketa Nagusia, Binakakoa eta Masterra.
Hala ere, finala zail jarri zitzaion hasieran. Barrenetxea 1-7 aurreratu zen eta txapelduna hotz sartu zen partiduan. Atzelari hernaniarra ezin hobeto ari zen sakatzen eta pilotakada sendoak jotzen zituen, honela aurreneko tanto horietan jaun eta jabe izan zen. Urrizak buelta eman zion egoerari sakea hartu eta bere pilota atera zuenean. 1-7 galtzetik, 9-7 irabaztera pasa zen. Urriza ere bikain ibili zen sakatzen partida guztian zehar eta bai batek eta bai besteak min asko egiten zuten lehenengo pilotakadarekin.
Urrizak beti bezala ongi defendatzen zuen eta Barrenetxea arriskatzen ari zen eta ongi irteten zitzaizkan jokaldiak. Finala maila altukoa izan zen, emozioz beterikoa eta tanto ederrak ikusi ziren. Oso parekatua joan zen ia amaierara arte, baina azkenean aurrelaria freskoago iritsi zen eta atzelari hernaniarrak huts egite gehiago egin zituen.
Hor erabaki zen txapela. Barrenetxeak ez zuen asmatu errebotean eta bi pilota argitan, eskura etorri zatzaizkionak, huts egin zuen. Bost akats horiek erabakiorrak izan ziren. Urrizak aldiz ez zuen pilota bakarra galdu eta beti bezala ezin sendoago aritu zen. Ez zuen arriskatu eta jokaldi gutxi egin zituen, bi paretera tanto bakarra egin zuen eta Barrenetxeak aldiz jokaldi gehiago egin zituen, baina ez zen nahikoa izan.
Markagailuan bai batek eta bai besteak agintzen zuten eta momentu erabakiorrera hernaniarra aurretik iritsi zen 23-24. Orduan Urrizak 5-0 partziala egin eta finala ia erabakita utzi zuen 28-24 aurreratuz. Ongi sakatu zuen eta gainera Barrenetxeak bi akats potolo egin zituen egin behar ez direnean. 28 eta 25ekoa egin eta gero 29garrena eskura etorritako pilota bat huts egitean igo zen markagailura eta azken tantoa sakez egin zuen Urrizak. Merezimendu osoz irabazi zuen bere doai nagusiak erakutsiz; kolpea, defentsa, segurtasuna eta sakea.
Guztira hamahiru tanto egin zituen piloteoan Urrizak eta sakearekin zortzi. Ez zuen akatsik egin final guztian zehar. Barrenetxeak piloteoan 19 tanto egin zituen, bost bi paret, eta sakearekin sei tanto egin zituen, baina sakez bi falta ere egin zituen eta zazpi akats ere bai piloteoan.
Partidua amaitutakoan Urrizak bere urtea nabarmendu zuen. “Ezin hobeto joan da” eta partidaren inguruan Barrenetxeak gauzak zail jarri zizkiola nabaermendu zuen. “Oso indartsu, hausart eta pilota indartsu jotzen hasi da eta ni berriz lotuta aritu naiz partidu guztian zehar. Finala aurrera atera baldin badut izan da ez dudalako akatsik egin eta serio aritu naizelako”.Barrenetxeak huts egindako pilotak nabarmendu zituen. “Urrizaren aurrean ezin da horrenbeste pilota oparitu”.