Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak hitzordu berezia dute urtarrilaren 30ean, larunbata, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.  UTS komunikazioaren Master txapelketaren final jokatu beharko dute eta gaur arratsaldean erabiliko duten materiala bereizi dute.


Bi finalistak batera kantxaratu ziren, baina Urriza izan zen hiru pilotak banatzen lehena. Hamar minutu inguru behar izan zituen 126 gramoko hiru pilota aukeratzeko. Lehenengo biak biziak ziren eta  hirugarrena lehorra.


Ondoren, Barrenetxea IV.aren txanda iritsi zen, apur bat azkarragoa, zortzi minutukoa, eta 129, 127 eta 126 gramoko hiru pilota bereizi zituen. Atzelariaren pilotak aurrelariarenak baino biziagoak dira.


Ondorengo adierazpenetan. Urrizak esan zuen material asko zegoela aukeratzeko. “Pozik geratu naiz aukeraketarekin. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu bakoitzak zer bilatzen duen. Berak pilota biziagoa bilatzen du sakerako eta bigarren pilotakadarako, eta nik nahiago dut pilota motelagoa gehiago piloteatzeko. Uste dut biok aurkitu dugula nahi genuena.Urriza beste txapel baten bila dabil. “Txapel guztiak dira garrantzitsuak eta jakin badakit ez dela batere erraza horrelako finaletara iristea eta beste final bat jopkatu nahi dut”.


Barrenetxeak esan zuen pozik zegoela. “Espero nuena baino pilota normalagoak aukeratu ditu Urrizak. Normalean pilota lehorragoak aukeratzen ditu eta horrek pentsa arazten dit konfiantza handiarekin dagoela, agian seinale txarra da niretzat “. Iaz Masterra irabazi zuen, baina Urriza iaz baino hobeto dagoela uste du. “Urrizaren urtea izaten ari da, jokatu duen guztia irabazi du eta denboraldia borobildu nahi du. Presiorik gabe iritsi naiz eta ez dut presarik. Gauzak zail jartzea espero dut “.