Binakako Txapelketaren ligaxka asko argituko da biharko jardunaldia amaitu eta gero. 16:30etan hasiko da laugarren jardunaldia osatuko duen jaialdia eta lehenengo partiduan Ansa II.a eta Aizpurua III.a Juanenea eta Larrañagaren aurka ariko dira. Bigarren partiduan, Urriza eta Labakak, Goikoetxea V.a eta Endikaren kontra jokatuko dute. Beraz, asteburu honetan Segurola eta Barrenetxea atzelari hernaniarrak atseden izango dute.

Jardunaldi erabakiorra izango da biharkoa. Gogoratu, lau bikote sailkatzen direla finalerdietara eta bat kanporatzen dela. Oraingoz Juanenea-Larrañaga eta Goikoetxea V-Endika daude kinka larrian. 

Juanenea eta Larrañagak ligaxkaren azken partidua jokatuko dute, laugarrena, eta irabaziz gero sailkatzeko aukerak mantenduko dituzte, baina galduz gero Goikoetxea eta Endikaren azken bi partiduen emaitzen zain geratuko lirateke. 

Beraien aurkariak, Ansa eta Aizpuruak, sailkapena gertu dute. Bi partiduak irabazi dituzte eta akats larririk ez badute egiten finalerdietan behar lukete. Gainera joko ezin hobea ari dira erakusten. 

Hala ere, Juanenea eta Larrañaga azken partiduan esnatu ziren eta oso bikote indartsua dira. Edozeini irabazi diezaiokete nahiz eta ez ongi hasi.
Bigarren partiduak sailkapena estutu edo nahiko erabakita utzi dezake. Urriza eta Labakak irabaziz gero finalerdietan leudeke eta Goikoetxea eta Endka arazo oso larri batean sartuko lirateke. Alderantziz, urdinek irabaziz gero  bost punturekin azkenengo jardunaldiaren zain geratuko dira sailkapena ixteko.