Orona-Ideoko egoitzan aurkeztu zen 50. Binakako Erremonte Txapelketa. Binakako Txapelketa berezia, batez ere bi arrazoirengatik: lehena, zalantzarik gabe, planeta dagoen osasun-krisiagatik eta edozein ekitaldik, erremontea ere, baldintzatzen duenagatik; bigarrena, aurten 50. edizioa ospatzen delako eta, beraz, bere Urrezko Ezteiak betetzen dituelako.


Oriamendik bi zirkunstantzia horietara egokitzen den txapelketa prestatu du, eta kirolaren eta osasun arloaren arteko oreka bilatu nahi izan da, horrek dakarrenarekin. Txapelketa larunbat honetan bertan, azaroaren 21ean, hasiko da jokatzen, eta final handia 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko da. Beraz, txapelketa bi urtetan jokatuko da, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Bost bikotek osatzen dute txapelketa eta talde bat osatzen dute, non denek denen aurka neurtuko dituzten indarrak. Urriza-Labaka, Ansa II-Aizpuru III, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV dira bost bikoteak.

Segurolak eta Labakak euren postua lortu zuten atariko batean, non Etxarri eta Zalduarekin bi partida jokatu zituzten bikoteak nahastuz. Lau bikote sailkatuko dira hurrengo faserako eta bikote bat kanporatuko da.

Puntuazioa ohikoa izango da: 4 puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, puntu bat ere ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero. Prentsako dosierrean azaltzen da nola ebatziko diren puntukako berdinketak eta nola funtzionatzen duen erremontisten baja-sistemak lesioen edo Covidaren ondorioz. Argi dagoena da ez dela partiden atzerapenik izango. Lau bikote sailkatuek abenduaren 26an neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekotan. Batean ligaxkako lehena laugarrenaren aurka neurtuko da eta bestean bigarrena hirugarrenaren aurka. Bi irabazleak 2021eko urtarrilaren 2ko final handira pasako dira. Binakako Txapelketa azaroaren 21ean, larunbatean, hasiko da bi partidekin. Lehenengoan Urrizak eta Labakak Juanenea eta Larrañagarekin neurtuko dituzte indarrak. Bigarren partidan Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V-Endikaren aurka jokatuko dute. Lehen jaialdi honetan Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak atseden hartuko dute.
Pasa den urtean Urriza eta Larrañagak irabazi zuten txapela Matxin III.a eta Barrrenetxea IV.a finalean gainditu eta gero.