Urrizak eta Zubirik ere irabazi egin zuten, baina Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ak puntua egin eta lehian mantentzea lortu dute.
50. Urteurreneko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Juanenea eta Endika nagusitu ziren, 35-30, Ansa II.aren eta Larrañagaren aurka. Bigarren partidan, Urriza eta Zubiri izan ziren garaile, 29-35. Goikoetxea V.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka.
Garaipen horrekin, Juaneneak eta Endikak zortzi puntu dituzte sailkapenean, eta, gutxienez, txapelketako finalaurrekora iristea ziurtatu dute. Gainera, datorren asteko hirugarren partidan puntu bat lortzen badute, finalean ariko dira, ligaxkan lehen postuan geratuko direlako.
Ansa II.ak eta Larrañagak bost puntu dituzte, puntu bakarra batu eta gero. Urrizak eta Zubirik, berriz, lau dituzte; bat gehiagorekin, finalerdia ziurtatutako dute. Goikoetxea eta Barrenetxea atzelari hernaniarra, ordea, hirugarren jardunaldian irabaztera behartuta daude. Puntu bat lortu zuten 29. tantora iritsi zirenean, eta horrek oraindik itxaropentsu mantentzen ditu; izan ere, hori gabe orain kanporatuta egongo lirateke.
Azkenengo jardunaldian, Juanenea eta Endika liderrek Goikoetxea-Barrenetxea izango dituzte aurkari, eta Urrizak eta Zubirik Ansaren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarren partida horretan bi bikoteek puntua lortzen badute, finalerdian izango dira, eta irabazleek lehenengo postua lortzeko aukera izango dute.
Larunbateko bi partidetan maila igo egin zen, lehenengo jadunaldiarekin alderatuta. Partida politak ikusi ziren, eta berdinduagoak. Juanenearen maila nabarmendu behar da. Asko jokatu zuen, eta horrek ekarri zuen garaipena. Bigarren partidan, Zubiri ederki aritu zen, eta, Urrizarekin batera, bi huts bakarrik egin zituzten. Seguroago airtu ziren aurkariak baino, eta hor egon zen gakoa.