15-8, 8-15 eta 1-8 gainditu dute Barrenetxea IV-Ezkurra II .a bikotea eta hiru puntu dituzte sailkapenean eta bakarra galtzaileek.
Jai Alai Summer Season Galarretan hasi da gaur, uda giroarekin eta bikote tradizionalaren garaipenarekin. Segurolak eta Larrañagak 2-1 gainditu zituzten Barrenetxea IV .a eta Ezkurra II .a (15-8, 8-15 eta 8-1). Irabazleek ohiko postuetan jokatu zutela nabaritu zen, eta bikote gorrian Ezkurra II .a ez zen eroso aritu atzelari postuan ez lehen setean eta ez azken setean.
Partida urdinen nagusitasunarekin hasi zen eta lehen partziala irabazi zuten (15-8). Ezkurra II .ak zalantzekin jokatu zuen atzealdean tokirik hartu gabe. Bigarren setean Ezkurra II .a zuzendu zen eta Barrenetxea izan zen aginte makila eraman zuena. Larrañaga zertxobait jaitsi zen eta 15-8 irabazi zuten gorriek. Set erabakigarrian, lehen seteko sentsazio berdinak itzuli ziren. Segurola izan zen azpimarragarriena bi tanto eder eginda, eta 8-1 irabazi zuten set erabakigarrian. Larrañagak ondo atera zuen azken setean eta horrek lagunari lagundu zion.
Irabazleek hiru puntu dituzte eta galtzaileek bat.
Susperregi eta Zubiri Oriamendi Txapelketan estreinatu dira
Oriamendi Txapelketan Susperregik eta Zubirik 2-1 irabazi zieten Aiestaran VII .ari eta Martirenari 12-15, 15-11 eta 8-1eko partzialekin. Summer Seasoneko partida izarraren oso antzekoa izan zen. Atzelari partida izan zen eta sakearekin min handia egin zuten. Bikoteen pisua zeramaten bederatzi eta zortzi tantorekin saketik, hurrenez hurren.
Lehen setean Aiestaran eta Martirena izan ziren nagusi. Bigarrenean Zubiri izan zen protagonista eta partida berdindu zuten. Hirugarrenean eta erabakigarrian gorriak izan ziren nagusi. Zubiri sakearekin eta Susperregiren pilotakada onekin partida gorrientzat izan zen.
Sailkapenean irabazleek hiru puntu dituzte eta galtzaileek bat.
Bestetik, Miramar Jauregian egin zen aurkezpenean bigarren mailako Oriamendi Erremonte Txapelketa 2025 aurkeztu zen. Lehenengo aldiz jokatuko da eta bigarren mailako erremontarientzako antolatu da. Erremontari txapelketaren ondorioz denbora egon dira jokatu gabe Galarretan eta berriz ere itzuliko dira frontoira hiru hilabete iraungo duen txapelketan. Uztailaren 10ean emango zaio hasiera eta irailaren 27an, Buruz Burkoarekin batera, jokatuko da finala.
Sagardoaren Txapelketan erabili den formatu berdina izango du. Bost bikotek osatuko dute txapelketa eta lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. 10 jardunaldi izango dituzte horretarako: Uztailaren 10, 12, 17, 19, 26, abuztuaren 9, 16, 23, 30 eta irailaren 6.
Hirugarren eta laugarren postuetan geratzen diren bikoteak, jokatuko dute beraien arteko playoff partida bat. Bigarren geratzen dena, finalaurrekora sailkatuko da eta playoff-a irabazten duenaren aurka jokatuko du semifinala. Ligaxkako lehenengo sailkatuak zuzenean finalerako txartela lortuko du eta bertan finalerdietako irabazlea izango du aurrez aurre.
Playoffa irailaren 13an izango da, semifinala irailaren 20an eta finala irailaren 27an.
Ondorengo bikoteek jokatuko dute txapelketa: Susperregi-Zubiri, Aiestaran VII-Martirena, Gurrutxaga-Apezetxea, Goikoetxea V-Aiestaran VI eta Jabalera-Eskudero.
Lautik bi bikotetan erremontariak postuz aldatuta jokatuko dute
Jai Alai Summer Season txapelketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostiako Miramar Jauregian. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntzak mantenduko ditu. Jokalariek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Joko dinamika berri hauek ikuskizun berezi eta zirraragarria eskainiko dute bai zale beteranoentzat eta baita kirol honetara lehen aldiz hurbiltzen direnentzat ere.
Txapelketa uztailaren 10ean, ostegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV-Ezkurra, Azpiroz-Ansa II, Segurola-Larrañaga eta Aldabe-Juanenea. Bi bikoteetan postuak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa. Honela Barrenetxeak aurrean jokatuko du eta Ezkurrak atzelari. Azpirozek ere aurrean jokatuko du eta Ansak atzean. Beste bi bikoteetan postuak mantentzen dira.
Bost jardunaldi jokatuko dira eta azkenekoan finala jokatuko da. Uztailaren 10, 12, 17 eta 19an jokatuko dira ligaxkako partiduak eta 26an finala.
4 bikotez osaturiko txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute. Lehenengo eta bigarren postuetan geratzen diren bikoteak, jokatuko dute uztailaren 26ko finala.
Alfredo Pozueta,Sukia enpresako ordezkaria; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Turismo Diputatua eta Oriamenditik Joxemari Barrenetxea izan ziren.
Azahara Dominguez diputatuak azaldu zuenez: “Summer Seasons Gipuzkoako eskaintza turistikorako osagarri ezin hobea da uda honetan, inork ahaztuko ez duen esperientzia murgiltzaile eta aberasgarria eskaintzen duelako. Gipuzkoako Foru Aldundiatik horrelako ekimenak bultzatzen jarraituko dugu, gure lurraldea esperientzien, tradizioaren, nortasunaren eta izaeraren helmuga izan dadin. Izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu beste helmuga batzuetatik bereiztea eta kalitatezko bisitariak erakartzea, gure artean gozatzeaz gain, gaur egun dugun ondare naturala, kulturala eta soziala zaintzen lagunduko digutenak”.
Final handian Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu dituzte, bi jokotan, 9-15 eta 7-15.
Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak “Erremontari” saioko 2025eko ekitaldia irabazi dute, Galarretan, Hernanin. Sagardoaren Txapelketako final handian, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Javi Urriza eta Iban Larrañaga txapeldunordeak menderatu dituzte, bi jokotan, 9-15 eta 7-15.
Galarretan giro bikaina zegoela, finaleko lehenengo jokoan hiru zati izan ziren. Lehenean, Oialume Zarreko Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak, Iñaki Lekuona kapitain zutela, sei tanto jarraian egin zituzten, eta 1-6 jarri ziren aurretik; Petritegiko Javi Urrizak eta Iban Larrañagak, Aritz Altadill kapitain zutelan, beste sei tanto egin zituzten, bata bestearen ondoan, eta 7-6koa ipini zuten markagailuan; eta, ia segituan, bederatzina zeudela, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beste behin, sei tanto jarraian lortu zituzten, hamabosgarrenera iritsi arte. Hala, aurreneko jokoan hiru bolada izanda, lekunberriarrak eta hernaniarrak eskuratu zuten puntua.
Bigarren jokoan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak jokoaren kontrola izan zuten, bai eta markagailuarena ere, eta argi nagusitu ziren. Aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarra 1-6 aurreratu ziren, lehenengo jokoan bezala, eta ez zuten abantaila hori galdu, txapelak eskuratu arte. Urriza eta Larrañaga hiru tantora gerturatu ziren, 5-8koan eta 7-10ekoan, baina Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, orduan, bost tanto jarraian egin zituzten, eta titulua irabazi zuten. Gainera, Endika Barrenetxeak txapelketako Pilotari Onenarentzako saria erdietsi zuen.
Atzelari hernaniarrak bere lehenengo txapela lortu du sagardoaren Txapelketan. Txapela hau falta zitzaion eta Oialume Zarrekin irabaztea oso pozgarria izan da berarentzat. Gainera Urrizaren azken partidua izan zen, nahiz eta ez zen amaitu aurrelari iruindarrak nahi bezala.
Markagailuaren bilakaera
Lehen jokoa: 1-0/1-1/1-2/1-3/1-4/1-5/1-6/2-6/3-6/4-6/5-6/6-6/7-6/7-7/8-7/8-8/8-9/9-9/9-10/9-11/9-12/9-13/9-14/9-15.
Bigarren jokoa: 0-1/0-2/0-3/1-3/1-4/1-5/1-6/1-7/2-7/2-8/3-8/4-8/5-8/5-9/5-10/6-10/7-10/7-11/7-12/7-13/7-14/7-15.
Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Urriza-Larrañaga bikotearen aurka jokatuko dute. Finalerdian, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu dituzte, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.
Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 2025eko Sagardoaren Txapelketa “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira, atzo, Galarretan, Hernanin, eta, horrenbestez, Sagardoaren Txapelketako txapelak eskuratzeko partidan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea hartu zituzten mendean, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.
Hala “Erremontari” saioko finalean, alegia, Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partida handian, aurrelari iruindarra eta Larrañaga eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. Finalerdian, bi zati oso desberdin izan ziren; izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak oso parean ibili ziren, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu zuten puntua, baina bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan zen Barrenetxea IV.aren sakea; atzelari hernaniarrak sei tanto egin zituen bigarren jokoan tantoari hasiera ematen dion jokaldia baliatuta, eta guztira hamar egin zituen, partidan. Horrek eragin handia izan zuen finalerdian.
Iñaki Lekuona kapitain lanetan, eta Oialume Zar sagardotegia ordezkatuta, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 3-6 aurreratu ziren norgehiagokako aurreneko jokoan, baina Bereziartuako ordezkariak diren Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain izan dutela, seinakoa jarri zuten segituan. Jokoaren azken zatian, Aldabe eta Barrenetxea IV.a 9-12 ipini ziren, eta gertu zuten lehen puntua; Ezkurra II.ak eta Juaneneak ondo erantzun zuten, eta azken tantora iritsi zenean emaitza 14-14koa zen, eta sakea saldiastarrak zuen. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, baina, hamabosgarren tantoa eskuratu zuten, eta aurretik jarri ziren neurketan.
Finalerdia amaituta, Ezkurra II.ak nabarmendu zuen oso garrantzitsua izan zela lehenengo jokoa aurkariek eskuratzea. Egia esan, bigarren jokoan, aurrelari lekunberriarra eta atzelari gipuzkoarra gehiago izan ziren. Barrenetxea IV.ak min handia egin zuen saketik, eta bikote garailea 1-8 jarri zen; hori oztopo handiegia izan zen Ezkurra II.a-Juanenea bikotearentzat. Bi nafarrek 5-8ekoa lortu zuten, baina Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak beste lau tanto jarraian erdietsi zituzten, 5-12kora arte, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak ezin izan zuten hori gainditu. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beraz, “Erremontari” saioko finala dute jomugan, dagoeneko.
Finalerako txartela jokoan, Aldabe-Barrenetxea IV.a bikotea izango dute aurkari. Play-offean, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazi dute, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; Ezkurra II.ak eta Juaneneak hirugarren jokoa behartu dute, eta horretan oso nagusi izan dira (0-8).
Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea (Bereziartua) 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko finalerdirako sailkatu dira, atzo, txanda horretako txartel bat jokoan zuen play-offean Imanol Ansa eta Aritz Zubiri (Aburuza) mendean hartuta, Galarretan, Hernanin. Ezkurra II.ak eta Juaneneak haientzako ia ezinezkoa zirudien partida batean lortu zuten sailkatzea; izan ere, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazita zuten, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; orduan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak bost tanto jarraian egin zituzten, eta hirugarren jokoa behartu zuten; azken horretan guztiz nagusi izan ziren, eta 0-8 gailendu. Sagardoaren Txapelketako finalaurrekoan, datorren astelehenean, Ezkurra II.ak eta Juaneneak Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Oilaume Zar) izango dituzte aurkari.
Testuinguru horretan, Aburuzako ordezkariak izan diren Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain lanetan, aurkariek baino hobeto ekin zioten neurketari, eta merezita eskuratu zuten aurreneko jokoa; horretako atsedenaldian, aurrelari urnietarra eta atzelari goizuetarra 8-4 zebiltzan aurretik, eta abantaila horri eutsi zioten, norgehiagokako lehenengo puntua eskuratu arte. Hasierako joko horrek emandako bultzada baliatuta, bigarrenean ere oso indartsu hasi ziren; aurrenekoan bezala, 8-4 ari ziren gailentzen, gerora Ezkurra II.a eta Juanenea suspertu egin ziren eta zortzina berdindu zuten, baina Imanol Ansak eta Aritz Zubirik berriro ere handitu zuten euren aldeko abantaila. Hala, 14-10 jarri ziren aurretik, eta ematen zuen garaipena ia erdietsita zutela.
Ezkurra II.ak eta Juaneneak sakea berreskuratu zuten, 14-11koan, eta atzelari nafarra sakeak zabaletik ateratzen hasi zen. Agian horrek desorekatu zuen bikote aurkaria; nolanahi ere, Bereziartuako Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain lanetan izan zutela, irauli egin zuten neurketa, modu ikusgarrian gainera. 14-10ekotik, 14-15ekora igaro zen, eta partida hirugarren jokoan erabaki zen; horretan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak dena egin zuten bikain, eta bikote aurkariak ezin izan zuen inolako erantzunik eman. 0-8ko partzialak argi utzi zuen batzuen eta besteen arteko ezberdintasuna.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu AjusteakOnartu
Cookien Politika
Resumen Privacidad
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu web gunean nabigatzen ari zaren bitartean esperientzia hobetzeko. Cookie horietatik, behar bezala sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, funtsezkoak baitira web gunearen oinarrizko funtzionaltasunetarako. Hirugarrenen cookieak ere erabiltzen ditugu, webgune hau nola erabiltzen den aztertzen eta ulertzen laguntzeko. Cookie hauek zure nabigatzailean soilik gordeko dira zure baimenarekin. Cookie hauen opt-out aukera ere baduzu. Baina cookie horietako batzuk aukeratzeak eragina izan dezake zure nabigazio-esperientzian.
Beharrezko cookieak guztiz funtsezkoak dira web guneak behar bezala funtziona dezan. Kategoria honetan, web gunearen oinarrizko funtzionalitateak eta segurtasun-ezaugarriak bermatzen dituzten cookieak bakarrik sartzen dira. Cookie hauek ez dute informazio pertsonalik gordetzen.
Beharrezko ez diren cookieak dira web guneak funtziona dezan eta erabiltzailearen datu pertsonalak analisien, iragarkien eta sartutako beste eduki batzuen bidez biltzeko berariaz erabiltzen ez diren cookieak. Nahitaezkoa da erabiltzailearen baimena lortzea bere webgunean cookie hauek exekutatu aurretik.