Iraileko azken larunbatean jokatuko da aurtengo Buruz Buruko finala

Iraileko azken larunbatean jokatuko da aurtengo Buruz Buruko finala

Chillida Lekun aurkeztu da etzi hasiko den txapelketa eta berrikuntza nagusia da ohiko egutegitik bi aste atzeratuko direla partiduak. Martirena-Jabalera partiduak irekiko du etzi banakakoa, 16:30etan hasiko den jaialdian.

Gaur aurkeztu dute, Chillida Leku museoan, urteko erremonte txapelketa garrantzitsuena; 42. Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa. Momentuko erremontari onenak nor baino nor arituko dira txapelketa honetan, irailaren 28ko finalean txapela janzteko asmoarekin. Aurtengo berrikuntza hori da, txapelketaren egutegia bi aste atzeratu dela. Txapelketaren historian finala beti jokatzen zen irailaren bigarren larunbatean, baina aurten irailaren azkenengo larunbatean jokatuko da.

Aurkezpenean izan ziren Chillida Lekuko eta Oriamendi 2010 enpresako ordezkariak, eta kirolariei harrera egiteaz gain, txapelketaren garrantzia nabarmendu zuen Xabier Gonzalezek: «Urteko txapelketa garrantzitsuena da. Zorionez ez daukagu bajarik, eta onenek jokatuko dute».

Txapelketa uztailaren 16an abiatu zen, lehenengo faseko partiduekin. Iazko txapelketako emaitzen arabera sartu dira erremontariak jokoan, eta lehenengo fasetik Jabalerak eta Martirenak lortu dute Aurreligaxkara igarotzea. Jabalerak 30-14 irabazi zuen Eskuderoren aurka, 21-30 Segurolaren aurka, 28-30 Aldabaren aurka, eta 14-30 Larrañagaren kontra.  Martirenak aldiz, 30-23 gainditu zuen Zaldua eta 29-30 Goikoetxea V.a.

Aurreligaxkarekin hasiko da etzi txapelketa

Etzi, abuztuaren 8an, hasiko da Buruz Buruko Eusko Label Txapelketara sailkatzeko Aurreligaxkako lehenengo partiduarekin. Hiru jokatuko dira guztira. Martirena eta Jabalera arituko dira buruz buru, hurrengo partidurako txartela lortzeko. Irabazten duen erremontariak larunbatean, abuztuaren 10ean, jokatuko du partidu erabakigarria, Azpirozen kontra. Garaileak Urriza izango du zain eskaileran, abuztuaren 17an.

Hortxe amaituko dira koplak. Izan ere, abuztuaren 17ko partidua irabazten duenak Ligaxka jokatzeko ohorea izango du, aurreko urteko buruz buruko hiru erremontari onenekin batera. Jada zain daude Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak.

Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pelotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuaketa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko; 30 tantora iristen den erremontariak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pelotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da eta ondorengo jardunaldiak abuztuaren 24an, 29an eta 31n jokatuko dira. Irailerako geratuko dira azken bi jardunaldiak; irailaren 7an eta 14an. Bi erremontarien arteko puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partidua irabazi duen pelotaria sailkatuko da ondorengo fasera. Hiru edo lau erremontistek berdintzen badute ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Erremontari batek partidua bukatu aurretik utziz gero, hurrengo partidua jokatu edo ez erabakitzeko eskumena enpresak izango du.

Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontarien artean finalaurreko partidua jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantura jokatuko dute finalerdia, irailaren 21ean. Azkenik, irailaren 28an jokatuko dute final haundia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko partidua irabazten duen pelotariaren arteko lehia izango da Galarretan.

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Ansa II.a, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari urnietarrak, Juanenearen, Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren konpetentziarekin, batik bat.

Aldabe-Azpiroz eta Goikoetxea V-Martirena, Zarauzko Torneoko txapeldunak

Aldabe-Azpiroz eta Goikoetxea V-Martirena, Zarauzko Torneoko txapeldunak

Aldabek eta Martirenak 0-2 (8-15 eta 8-15) irabazi diete Ansa II.ari eta Juaneneari
Goikoetxea V-Martirenak 2-1 (15-14, 9-15 eta 8-4) irabazi die Gurrutxaga eta Zalduari B Txapelketan

Zarauzko Torneoa Aldabe-Azpiroz garaipenarekin amaitu zen, A multzoan, eta Goikoetxea V eta Martirenaren txapelarekin, B multzoan. Txapelketa nagusian txapeldunek erraz gainditu zituzten Ansa II.a eta Juanenea (8-15, 8-15) eta B Mailako finala parekatuagoa izan zen. Goikoetxea V.ak eta Martirenak 2-1 irabazi zuten, 15-14, 9-15 eta 8-4ko partzialekin, Gurrutxaga eta Zalduaren aurka.
Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak sarrera bikaina izan zuen, ia 600 ikuslerekin, eta txapelketa, beste behin ere, oso arrakastatsua izan da, giro ezin hobearekin.
A Torneoko finalak ez zuen espero zen emozioa izan. Aldabe eta Azpiroz euren egunik izan ez zuten Ansa eta Juanenea baino gehiago izan ziren. Irabazleak primeran ulertzen dute elkar eta Azpiroz pilotaleku motzeko espezialista da eta beste behin erakutsi zuen. Urdinen nagusitasuna erabatekoa izan zen.
Bi setak oso antzekoak izan ziren eta irabazleek ia ez zuten hutsik egin partida osoan zehar. 1-3tik lehen setean 3-7ra pasa ziren, 7-9ra hurbildu ziren gorriak, baina Aldabek eta Azpirozek berriro ihes egin zuten 8-15ekoa jartzeko. Bigarren seta antzekoa izan zen. 2-6ko markagailuarekin hasi zen 4-9, 7-13 eta 8-15era joateko. Ez zen ez berdintasunik ez emoziorik izan. Galtzaileek uste baino akats gehiago egin zituzten. Azpiroz izan da Torneoko pilotari nabarmenena.
B multzoko finalean emozio gehiago izan zen. Finala ederra eta parekatua izan zen. Inork ez zuen puskatzen eta bi atzelariak elkarren ondoan egon ziren. 14 berdinetara iritsi zen lehen setean eta hor tantoa gorrien alde erori zen Goikoetxearen pilotakada bati esker.
Bigarren setean Gurrutxaga eta Zaldua, aurrelaria batez ere, asko hobetu ziren eta 9-15 irabazi zuten. Berdinketa haustean Goikoetxea eta Martirena hobeto aritu ziren, lau erremontistek maila onean eta oso ondo jokatu zuten finalean. Abiada izan zen, borroka, eta xehetasunek erabaki zuten. Martirena izan zen onena, baina beste hiru pilotariak gertu zituela.

Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa aurkeztu dute gaur Zarautzen

Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa aurkeztu dute gaur Zarautzen

Bi txapelketa jokatuko dira finalerdi eta finalekin abuztuaren 2an, 3an eta 4an
Zarautzen Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa jokatuko da ostiralean, larunbatean eta igandean Aritzbatalde frontoian. Bi txapelketa jokatuko dira eta lau bikotek osatuko dute txapelketa bakoitza. Hiru jaialdiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.
A mailako txapelketan Ansa II-Juanenea, Ezkurra II-Barrenetxea IV, Urriza-Larrañaga eta Aldabe-Azpiroz bikoteek jokatuko dute. B mailako txapelketa ondorengo bikoteek osatzen dute: Jabalera-Apezetxea, Gurrutxaga-Zaldua I, Segurola-Zubiri eta Goikoetxea V-Martirena. Gaur egun osatu daitezkeen zortzi bikoterik onenak osatzen dituzte bi txapelketak.
Abuztuaren 2an lehenengo bi finalerdiak izango dira. Jaialdia B taldeko partiduarekin hasiko da. Jabalera-Apezetxeak, Gurrutxaga, Zaldua I.aren aurka jokatuko dute. A mailako finalerdian Ansa-Juaneneak, Ezkurra II-Barrenetxea IV.aren aurka arituko dira.
Abuztuaren 3an, larunbatean, jokatuko dira beste bi finalerdiak. B mailakoa Segurola-Zubiriren eta Goikoetxea V-Martirenaren artekoa izango da eta A mailakoan, Urriza-Larrañagak, Aldabe-Azpirozen aurka jokatuko dute.
Finalerdietako irabazleak, abuztuaren 4an, igandean, jokatuko dituzte finalak. Partida guztiak 3 setera izango dira, 15 tantora bakoitza, eta jaialdi guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.
Barrenetxea IV.a eta Urriza, jai Alai Summer Seasoneko txapeldun

Barrenetxea IV.a eta Urriza, jai Alai Summer Seasoneko txapeldun

Finalean Juanenea eta Ansa II.a gainditu dituzte 2-0, 8-15 eta 14-15eko partzialekin

Barrenetxea IV.ak eta Urrizak Jai Alai Summer Season txapelketa irabazi dute, finalean, Juanenea eta Ansa 0-2 (8-15 eta 14-15) garaitu eta gero. Txapelketan aurreko partidua, bi bikote hauen artean, erraz irabazi zuten Juaneneak eta Ansak, baina oraingoan gehiago izan ziren Barrenetxea eta Urriza. Lau erremontistek postuz aldatuta jokatu dute txapelketa eta finalari emozio gehiago falta izan zitzaion. Barrenetxea hernaniarra izan zen finaleko pelotaririk onena. Akats bakarra egin zuen eta 16 tanto egitea lortu zuen, zazpi eta bederatzi set bakoitzean.


Lehen seta argia izan zen gorrientzat. Juaneneak eta Ansak ez zuten bikote orekatua osatu eta ihes egin zien finalak. 8-9ra arte nahiko parekatua joan zen markagailua, baina sei tanto jarrian eginez, 8-15ekoa jarri zuten gorriek. Bigarren seta askoz ere parekatuagoa izan zen. Tantorik ederrenak eta joko mailarik onena ikusi zen tarte horretan, baina 14-12 aurretik zirela, azken hiru tantoak Barrenetxeak eta Urrizak egin zituzten eta txapela irabaztea lortu zuten. Hala ere Juanenearen eta Ansaren maila hobea izan zen. Juanenea sendo aritu zen eta gertu izan zuten banako berdinketa. Azken bi tantoak Urrizak egin zituen, bi pelotakada bortitzekin eta hor erabaki zuen finala.

Barrenetxeak eta Urriza behetik goranzko ibilbidea izan dute txapelketan zehar eta finala merezimendu osoz irabazi dute.

Gurrutxaga eta Apezetxea, nagusi B finalean

B mailako finalean ez zen emoziorik izan. Gurrutxagak eta Apezetxeak erraz gainditu zituzten Susperregi eta Aiestaran eta B mailako txapela janztea lortu zuten aizarnazabaldarrak eta goizuetarrak. Partiduko emaitza 0-2koa izan zen 7-15 eta 5-15eko partzilalekin.
Susperregik eta Aiestaran hernaniarrak ez zuten egunik onena izan. Lekuz kanpo aritu ziren partidu osoan zehar. Aldiz, bikote txapelduna bikain aritu zen, txapelketako partidurik onena jokatu zuten.
Barrenetxea-Urriza eta Gurrutxaga-Apezetxea Jai Alai Summer Seasoneko finaletara pasa dira

Barrenetxea-Urriza eta Gurrutxaga-Apezetxea Jai Alai Summer Seasoneko finaletara pasa dira

A multzoan, Barrenetxea eta Urriza 2-1 (13-15, 15-13 eta 8-2) gailendu dira Aldabe-Larrañagari eta B multzoan, 15-8 eta 15-7 Zaldua eta Zubiri gainditu dituzte finalistek.
Jai Alai Summer Season txapelketak uztailaren 27an Galarretan jokatuko diren finalak osatu ditu. Juaneneak eta Ansa II.ak Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren aurka neurtuko dituzte indarrak A txapelketan eta Susperregi-Aiestaran VI.ak Gurrutxaga eta Apezetxearen aurka jokatuko dute B finalean.
Barrenetxea IV.ak eta Urrizak 2-1 (13-15, 15-13 eta 8-2) gainditu zituzten Aldabe eta Larrañaga. Gorriek lanaren eta borrokaren bitartez lortu zuten garaipena. Sufritutako garaipena izan zen. Lehen bi setak borroka bidez iritsi ziren 13nako berdinketara, joko onagatik baino gehiago. Aurrenekoan Barrenetxea eta Urriza 13-12 irabazten ari ziren, baina Larrañagaren bi hormek hamahirunakoa jarri zuten eta Aldabek 13-15ekoa jarri zuen. Bigarren seta alderantziz izan zen. Hamahirunako berdinketan Urrizak hamalaukoa egin zuen eta Barrenetxeak hamabostekoa. Set erabakigarrian gorriak nagusi izan ziren eta 8-2 irabazi zuten. Urrizak hiru tanto egin zituen sakez eta bi piloteoan. Barrenetxeak beste tanto bat egin zuen. Saketik egindako tantoak Larrañagak eta Aldabek egindako hutsak izan ziren, Urrizak asmatutakoak baino gehiago. Urrizak behetik gora joan zen, baina ez zuen eroso jokatu. Barrenetxea ere deseroso aritu zen. Esperientziak markatu zuen aldea. Juanenearen eta Ansaren aurkako finala oso interesgarria eta polita izango da.

B multzoko partidan Gurrutxaga eta Apezetxearen nagusitasuna erabatekoa izan zen. 2-0, 15-8 eta 15-7ko partzialekin, Galarretako kantxan ikusi zenaren isla da. Ostegunean izan zuen beheralditik suspertu zen Gurrutxaga eta berriz ere gogor jo zuen pilota. Gainera, Apezetxeak oso ondo lagundu zion atzean, goizuetarra izan baitzen partidako onena. Sakearekin dominatu zuen bederatzi tanto eginez eta bikotearen pisua eraman zuen. Gurrutxagak zazpi eta bost tanto egin zituen lehen eta bigarren setetan, hurrenez hurren. Apezetxeak 7 eta 6 egin zituen guztira. Zalduak eta Zubirik atoian jokatu zuten. Orain finala Susperregi eta Aiestaran VI.aren aurka jokatuko dute.
Juanenea eta Ansa dira Jai Alai Summer Seasoneko lehen finalistak

Juanenea eta Ansa dira Jai Alai Summer Seasoneko lehen finalistak

Barrenetxea eta Urriza 15-9 eta 15-9 gainditu dituzte. Susperregi eta Aiestaran ere B txapelketako finalera sailkatu dira

Jai Alai Summer Seasonek bi txapelketetako lehen bi finalistak ezagutzen ditu. Txapelketa nagusian Juaneneak eta Ansak finalerako txartela lortu dute Barrenetxea IV.ari eta Urrizari 2-0 irabazita (15-9 eta 15-9). Barrenetxea eta Urriza, Aldabe eta Larrañagaren aurka neurtuko dira uztailaren 20an bigarren txartelaren bila.
B txapelketan Susperregik eta Aiestaranek lortu dute txartela, Gurrutxaga eta Apezetxeari bi-zero irabazita (15-11 eta 15-10). Galtzaileek Zalduaren eta Zubiriren aurka jokatu beharko dute B Mailako beste finalista postua, azken hauek gaur Goikoetxea V.ari eta Eskuderori 1-2 (15-9, 12-15 eta 7-8) irabazi ostean.
Estelarrean Juaneneak eta Ansak Barrenetxeak eta Urrizak baino bikote gehiago osatu zuten. Gorriak oso ondo osatu ziren joko oneko partida batean jokaldi eta tanto distiratsuekin. Ansa erabakigarria izan zen, sei tanto egin zituen lehen setean eta hamar bigarrenean. Bederatzi tanto egin zituen saketik, bi pilota bakarrik huts eginez. Gogor jo zuen pilota piloteoan nagusi izan zelarik. Juaneneak oso ondo lagundu zion, ia akatsik gabe. Doneztebekoa langile aritu zen. Barrenetxea eta Urriza ziren katedrarentzako faboritoak baina gainditu egin zituzten. Urrizak pilota asko sartu zuen frontisean eta kantxan, baina gehiago behar zen Ansa nagusi zela. Urrizak tanto bakarra egin zuen saketik. Barrenetxeak gogor jo zuen pilota, jokaldiak egin zituen, baina atzeko koadroetan aldea handiagoa izan zen. Juaneneak sei eta hiru tanto egin zituen set bakoitzean, Barrenetxeak bost eta hiru. Ansak dena ondo egin zuen eta hori erabakigarria izan zen.


B Mailako galtzaileen partidan Zalduak eta Zubirik irabazi zuten, guztira bi tanto gutxiago egin arren. Lehen setean 15-9 galdu zuten, baina bigarrenean 15-12. Set erabakigarrian Zalduak lau tanto egin zituen eta Zubirik beste lau. 7-5 galtzetik 7-8 irabaztera pasa ziren, Zalduaren tanto batekin eta Zubirik saketik egindako bi tantorekin.
Irabazleen dueluan Susperregik eta Aiestaranek irabazi zuten bi setetan. Susperregik abiadura handiagoa ematen zion pilotari Aiestaranen sake handi batean bermatuta. Susperregik zortzi tanto egin zituen lehen setean, 15-11 irabazteko. Bigarren setean aurrelari urdinak beste bost egin zituen. Apezetxeak lan handia egin zuen, baina ezin izan zuen gehiago egin 15-10 galtzeko.