Aldabe eta Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) Sagardoaren Txapelketa “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira

Aldabe eta Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) Sagardoaren Txapelketa “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira

Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Urriza-Larrañaga bikotearen aurka jokatuko dute. Finalerdian, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu dituzte, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 2025eko Sagardoaren Txapelketa “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira, atzo, Galarretan, Hernanin, eta, horrenbestez, Sagardoaren Txapelketako txapelak eskuratzeko partidan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea hartu zituzten mendean, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Hala “Erremontari” saioko finalean, alegia, Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partida handian, aurrelari iruindarra eta Larrañaga eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. Finalerdian, bi zati oso desberdin izan ziren; izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak oso parean ibili ziren, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu zuten puntua, baina bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan zen Barrenetxea IV.aren sakea; atzelari hernaniarrak sei tanto egin zituen bigarren jokoan tantoari hasiera ematen dion jokaldia baliatuta, eta guztira hamar egin zituen, partidan. Horrek eragin handia izan zuen finalerdian.

Iñaki Lekuona kapitain lanetan, eta Oialume Zar sagardotegia ordezkatuta, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 3-6 aurreratu ziren norgehiagokako aurreneko jokoan, baina Bereziartuako ordezkariak diren Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain izan dutela, seinakoa jarri zuten segituan. Jokoaren azken zatian, Aldabe eta Barrenetxea IV.a 9-12 ipini ziren, eta gertu zuten lehen puntua; Ezkurra II.ak eta Juaneneak ondo erantzun zuten, eta azken tantora iritsi zenean emaitza 14-14koa zen, eta sakea saldiastarrak zuen. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, baina, hamabosgarren tantoa eskuratu zuten, eta aurretik jarri ziren neurketan.

Finalerdia amaituta, Ezkurra II.ak nabarmendu zuen oso garrantzitsua izan zela lehenengo jokoa aurkariek eskuratzea. Egia esan, bigarren jokoan, aurrelari lekunberriarra eta atzelari gipuzkoarra gehiago izan ziren. Barrenetxea IV.ak min handia egin zuen saketik, eta bikote garailea 1-8 jarri zen; hori oztopo handiegia izan zen Ezkurra II.a-Juanenea bikotearentzat. Bi nafarrek 5-8ekoa lortu zuten, baina Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak beste lau tanto jarraian erdietsi zituzten, 5-12kora arte, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak ezin izan zuten hori gainditu. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, beraz, “Erremontari” saioko finala dute jomugan, dagoeneko.

Ezkurra II.a eta Juaneneak sekulako buelta eman diote partidari eta finalerdietara sailkatu dira

Ezkurra II.a eta Juaneneak sekulako buelta eman diote partidari eta finalerdietara sailkatu dira

Finalerako txartela jokoan, Aldabe-Barrenetxea IV.a bikotea izango dute aurkari. Play-offean, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazi dute, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; Ezkurra II.ak eta Juaneneak hirugarren jokoa behartu dute, eta horretan oso nagusi izan dira (0-8).

Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea (Bereziartua) 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko finalerdirako sailkatu dira, atzo, txanda horretako txartel bat jokoan zuen play-offean Imanol Ansa eta Aritz Zubiri (Aburuza) mendean hartuta, Galarretan, Hernanin. Ezkurra II.ak eta Juaneneak haientzako ia ezinezkoa zirudien partida batean lortu zuten sailkatzea; izan ere, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazita zuten, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; orduan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak bost tanto jarraian egin zituzten, eta hirugarren jokoa behartu zuten; azken horretan guztiz nagusi izan ziren, eta 0-8 gailendu. Sagardoaren Txapelketako finalaurrekoan, datorren astelehenean, Ezkurra II.ak eta Juaneneak Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Oilaume Zar) izango dituzte aurkari.

Testuinguru horretan, Aburuzako ordezkariak izan diren Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain lanetan, aurkariek baino hobeto ekin zioten neurketari, eta merezita eskuratu zuten aurreneko jokoa; horretako atsedenaldian, aurrelari urnietarra eta atzelari goizuetarra 8-4 zebiltzan aurretik, eta abantaila horri eutsi zioten, norgehiagokako lehenengo puntua eskuratu arte. Hasierako joko horrek emandako bultzada baliatuta, bigarrenean ere oso indartsu hasi ziren; aurrenekoan bezala, 8-4 ari ziren gailentzen, gerora Ezkurra II.a eta Juanenea suspertu egin ziren eta zortzina berdindu zuten, baina Imanol Ansak eta Aritz Zubirik berriro ere handitu zuten euren aldeko abantaila. Hala, 14-10 jarri ziren aurretik, eta ematen zuen garaipena ia erdietsita zutela.

Ezkurra II.ak eta Juaneneak sakea berreskuratu zuten, 14-11koan, eta atzelari nafarra sakeak zabaletik ateratzen hasi zen. Agian horrek desorekatu zuen bikote aurkaria; nolanahi ere, Bereziartuako Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain lanetan izan zutela, irauli egin zuten neurketa, modu ikusgarrian gainera. 14-10ekotik, 14-15ekora igaro zen, eta partida hirugarren jokoan erabaki zen; horretan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak dena egin zuten bikain, eta bikote aurkariak ezin izan zuen inolako erantzunik eman. 0-8ko partzialak argi utzi zuen batzuen eta besteen arteko ezberdintasuna.

Urriza-Larrañaga (Petritegi) Sagardoaren Txapelketako finalera pasa dira eta Segurola-Azpiroz (Alorrenea) kanporatuta geratu dira

Urriza-Larrañaga (Petritegi) Sagardoaren Txapelketako finalera pasa dira eta Segurola-Azpiroz (Alorrenea) kanporatuta geratu dira

Aldabe-Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II-Zubiriren (Aburuza) playoff partidaren arteko irabazlearen aurka jokatuko dute finalerdian

Ligaxka ixten zuen jardunaldian Urriza-Larrañagak eta Aldabe-Barrenetxea IV .ak 15-7, 15-14 eta 15-8, 15-6 irabazi zieten Ansa II-Zubiri eta Segurola-Azpirozi, hurrenez hurren.

Javi Urriza eta Iban Larrañaga 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko final handirako sailkatu dira, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak (Oialume Zar) txapelketako finalerdia jokatuko dute, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Bereziartua) eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik (Aburuza) izango dute jokoan, playoffean, torneoko finalaurrekoko beste postua. Hori utzi zuen “Erremontari” saioko ligaxkako azken jardunaldiak, astelehenean; Hernaniko Galarretan, Urrizak eta Larrañagak Ansa II.a eta Zubiri menderatu zituzten, bi jokotan, 7-15 eta 14-15, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu zituzten mendean, bi jokotan ere, 8-15 eta 6-15.

Hala, Sagardoaren Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko aurreneko partidak, alegia, Petritegiko Urriza-Larrañaga eta Aburuzako Ansa II.a-Zubiri bikoteek jokatu zuten neurketak, maila bikaina izan zuen. Aurrelari iruindarrak eta atzelari azkoitiarrak euren onena eman behar izan zuten garaipena eskuratu eta finalerako txartela bermatzeko. Lehenengo jokoan, Urriza eta Larrañaga, Aritz Altadill kapitain lanetan, gehiago izan ziren, nabarmen, baina bigarrenean, ordea, Gorka Izagirre kapitain duten Ansa II-ak eta Zubirik asko estutu zuten irabazte irten zen bikotea; izan ere, Imanol Ansa eta Aritz Zubiri 14-7 ari ziren irabazten, baina Urrizak eta Larrañagak erantzun ezin hobea eman zuten; berdindu egin zute, lehenik, 0-7ko partziala eginda, eta, azken tantoan, jokoa poltsikoratu zuten, bai eta finalerako sailkatzea ere.

Bigarren norgehiagokan, Alorreneako Segurolak eta Azpirozek, Igor Arruti kapitain, jakin bazekiten behar zutela bi jokotan irabazi eta aurkariek hamabort tanto baino gutxiago egitea, txapelketan jarraitzeko aukerari eusteko; hala ere, Oialume Zarreko Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, Iñaki Lekuona kapitain, erdietsi zuten garaipena. Lekunberriarrak eta hernaniarrak, bi jokotan irabazita, bigarren postua lortu dute ligaxkan; Segurolak eta Azpirozek ahalegin handia egin zuten arren, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak merezita irabazi zuten.

Urriza-Larrañaga (Petritegi) eta Ansa II.a-Zubiri (Aburuza) bikoteen garaipenek asko estutu dute Sagardoaren Txapelketako sailkapena

Urriza-Larrañaga (Petritegi) eta Ansa II.a-Zubiri (Aburuza) bikoteen garaipenek asko estutu dute Sagardoaren Txapelketako sailkapena

Urrizak eta Larrañagak Ezkurra II.a eta Juanenea (Bereziartua) menderatu dituzte, eta Ansa II.ak eta Zubirik Segurola eta Azpiroz gainditu dituzte; ligaxka amaitzeko jardunaldi bat gelditzen dela, Urriza eta Larrañaga lider jarri dira, lau bikote puntu batean daude, eta Segurola eta Azpiroz (Alorrenea) kanporatuak geratu dira.

Javi Urrizak eta Iban Larrañagak Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea menderatu zituzten, bi jokotan, 15-10 eta 15-10, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu zituzten mendean, hiru jokotan, 15-8, 12-15 eta 8-3, 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko final laurdenetako ligaxkako laugarren jardunaldian.

Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Urriza eta Larrañaga lider jarri dira, zortzi punturekin, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ere zortzi dituzte, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak zazpi puntu daramatzate, Ansa II.ak eta Zubirik beste, eta Segurola eta Azpiroz, bi puntu batuta, finalerako lehiatik kanpo gelditu dira, horretarako aukerarik ez baitute. Partidu baten faltan azkenak geratuko dira eta kanporatuak izango dira.

Hala, laugarren jardunaldiko lehenengo partidan, Petritegiko ordezkariak diren eta Aritz Altadill kapitain lanetan duten Urrizak eta Larrañagak lau puntu eskuratu zituzten, aurreko astelehenean ere egin zuten bezala, eta sailkapeneko aurreneko postura igo dira, orain arteko liderrak, alegia, Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, menderatuta. Partida ederra izan zen. Aurrelari iruindarrak eta atzelari azkoitiarrak argi utzi zuten hobera doazela, txapelketan, eta hainbat tanto ikusgarri izan zituen norgehiagoka poltsikoratu zuten. Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Patri Espinar dute kapitain lanetan) amaitu dute ligaxkako euren ibilbidea, eta, beraz, datorren asteleheneko emaitzen zain geratu dira, jakiteko zein postu egokitzen zaien, finalerako bidean.
Hori bai, zuzenean sailkatzea ezinezkoa dute eta finalerdia edo playoffa jokatu beharko dute.


Bigarren neurketan, Aburuzako Ansa II.ak eta Zubirik (Gorka Izagirre daukate kapitain bezala) hirugarren jokoan lortu zuten garaipena, Alorreneako Segurola eta Azpirozen aurka. Lehenengo jokoan, urnietarra eta goizuetarra gehiago izan ziren, baina bigarrenean, Igor Arruti kapitain duten Segurolak eta Azpirozek erantzun oso ona izan zuten, eta hirugarren jokoa behartu zuten; joko erabakigarrian, Ansa II.ak eta Zubirik gehiago asmatu zuten, eta garaipena erdietsi.


Sailkapena

1. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 8 puntu hiru partidu

2. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 8 puntu lau partidu
3. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu hiru partidu
4. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 7 puntu hiru partidu
5. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) 2 puntu hiru partidu
Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, “Erremontari” saioko Sagardoaren Txapelketan

Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, “Erremontari” saioko Sagardoaren Txapelketan

Txapelketako hirugarren jardunaldian, Javi Urrizak eta Iban Larrañagak (Petritegi) Segurola eta Azpiroz (Alorrenea) menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea (Bereziartua) lider berriek Aldabe eta Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) gainditu dituzte, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12.

Javi Urrizak eta Iban Larrañagak (Petritegik) Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz (Alorrenea) menderatu dituzte, bi jokotan, 15-14 eta 15-13, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Bereziartua) Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Oialume Zar) hartu dituzte mendean, bi jokotan ere, 15-13 eta 15-12, 2025eko Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldian. Hala, Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Juanenea bikoteek launa puntu eskuratu dituzte, eta Segurola-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV bikoteek, ordez, ez dute punturik erdietsi; Sagardoaren Txapelketako sailkapenean, Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea, zortzi puntu dituztela, lider dabiltza, Aldabe eta Barrenetxea IV.a bigarren postuan dira, zazpi puntu batuta, Urriza-Larrañaga eta Ansa II-Zubiri bikoteek launa puntu dituzte, eta Segurolak eta Azpirozek puntu bat daukate.

Hala, Galarretan ikusi ditugun partidetako aurrenekoan, Urriza eta Larrañaga Petritegi sagardotegiaren ordezkariak, Aritz Altadill kapitain lanetan, aurreko astelehenean baino hobeto aritu ziren, eta, Aldabe-Barrenetxea IV bikotearen aurka erakutsitako maila hobetuta, garrantzi handiko garaipena eskuratu zuten. Lehen jokoan, aurrelari iruindarra eta azkoitiar atzelaria tanto bakar batez gailendu ziren, 15-14; bigarrenean, lau protagonistak aritu ziren biziago, hobeto, eta, berriro ere, Urrizak eta Larrañagak lortu zuten puntua, orain 15-13 nagusituta. Alorreneako Segurola eta Azpiroz, Igor Arruti kapitain lanetan, apur bat estu dabiltza txapelketan, jokatu dituzten bi partidetan puntu bakarra batu dutela kontuan izanik.

Bigarren neurketa kalitate handikoa izan zen, eta, nahiz eta hori ere bi jokotan erabaki den, emozioa izan zuen. Bereziartuako Ezkurra II.a eta Juanenea, Patri Espinar kapitain dutela, gaizki hasi ziren, eta, aurreneko jokoan, 1-6 ari ziren galtzen; izan ere, Barrenetxea IV.ak, beste behin ere, berretsi zuen maisua dela sakeak egiteko. Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria, baina, suspertu egin ziren, eta lehenengo jokoa poltsikoratu zuten, 15-13. Bigarren jokoan, berdintasun handia izan zen, eta pilotariek joko ikusgarria egin zuten. Aldabe eta Barrenetxea IV.a Oialume Zarreko ordezkariek ahal izan zuten guztia egin zuten, baina Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten amore eman, eta 15-12 irabazi zuten, azkenean.

 
 
Sailkapena

1. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 8 puntu hiru partidu

2. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu hiru partidu
3. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 4 puntu bi partidu
4. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 4 puntu bi partidu
5. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) puntu bat bi partidu bat