Barrenetxeak partida bikaina egin du gorriak garaipenera eramateko

Barrenetxeak partida bikaina egin du gorriak garaipenera eramateko

Loitegik eta Barrrenetxea IV.ak 40 eta 35 irabazi zuten Ezkurra II.aren eta Juanenearen aurka Galarretako estelarrean. Barrenetxea izan zen gorrien garaipena gidatu zuena partido oso on batekin. 20 tanto egin zituen guztira, hamar saketik eta hamar piloteoan, akats bakar batengatik. Eutsi egin zion partidari, askatu pilotari, eta une erabakigarrietan Loitegi fin ibili ez zenean bikotea mantendu zuen partidan.

Juanenea ere oso seguru aritu zen saketik egindako lau tantorekin, lau piloteoan eta hutsik egin gabe. Aurrelariak irregularragoak izan ziren.

Partida berdinduta joan zen hamahirunako berdinketara arte eta gorriak joan ziren 20-15 eta 22-17. Orduan Loitegi partidutik atera zen eta markagailuak buelta eman zuen. Urdinak 22-26 aurretik jarri ziren. Behartu gabeko hutsak egin zituen, baina partidara indartsu itzuli zen. Itzuli eta norabidea zuzendu zuen. 30na berdindu zuten eta 40.era arte Urnietako aurrelariak lau tanto erabakigarri egin zituen. Azken tantoetan pilota bakar bat huts egin zuen eta beste lasaitasun batekin ikusi zen. 34-33kotik 40-35ra pasa eta irabazi zuten gorriek.

Ezkurrak 14 tanto eta lau huts egin zituen eta Loitegi oso ondo aritu zen erasoan 16 tantorekin, nahiz eta bere aurkariak baino akats gehiago egin.

Loitegik eta Barrenetxeak oso bikote sendoa osatzen jarraitzen dute eta elkarrekin partida bakarra galdu dute.

«Gero eta bikote sendoagoa osatzen dugu eta hobera noa txapelketan zehar»

«Gero eta bikote sendoagoa osatzen dugu eta hobera noa txapelketan zehar»

Ansa II.ak eta Juaneneak Setien ordezkatuko dute datorren asteleheneko finalaurrekoetan, Sagardoaren Txapelketan, eta Ansa aurrelari urnietarrak uste du une onean iritsiko direla Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka neurtuko dituzten partidara.

«Uste dut ligaxkan ongi jokatu dugula, oro har, nahiz eta Urriza eta Zubiriren aurka irristada txiki bat izan genuen. azken jardunaldian nahiko erraz irabazi genuen eta horrek konfiantza eman digu. Ongi iristen garela esango nuke».

Juaneneak ez darama denbora asko atzelari bezala jokatzen, baina Ansak dio bere posizio berrira ondo egokitu dela. «Bai, bai. Ikusten da oso pilotaria dela. Oso ongi ari da jokatzen eta huts egin genuen partidan ere zer ez genuen behar bezala egin badakigu. Ados geunden non egin genuen fallo eta ongi moldatzen gara. Horrek asko balio du. Elkarren artean konfiantza asko dugu eta horrek asko balio du. Gozatzen ari gara, alde horretatik, elkarrekin».

Oraindik ere atzean jokatzeko gauzak ikasi egingo ditu eta hori ere positiboa da bikotearentzat. «Partidaren batean kokapenean ez nuen asmatu eta gero akats horiek zuzendu ditugu. Lekuz kanpo egoten ginen. Errebotean eta sakean gero eta konfiantza gehiago du, gainera paretatik ateratzen ere hasi da. Egunetik egunera, indartsuago ikusten dut».

Ligaxkan 30-29 galdu zuten. «Egun horretan Juanenea ongi aritu zen eta ni pertsonalki deseroso aritu nintzen. Txapelketara joko gutxirekin hasi nintzen, baina gorako joera egin dut. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Nire momenturik onenean nengoen, baina pilotakada bat jaso eta gero azken bi partiduetan ez nintzen gustura aritu».

Pasa den urtean finala galdu zuen eta aurten gutxienez finalera nahi du sailkatu. «Partida zaila dugu aurrean. Goikoetxea eta Barrenetxeak bizi ibiltzen dute pilota, jotzaileak dira eta Barrenetxeak oso ongi ateratzen du. Gure jokoa egin behar du eta gure erritmoa inposatu behar dugu. Beraien jokoari aurre egiteko uste dut badugu jokoa».

“Gauzak oso txukun egin beharko ditugu irabazteko”

“Gauzak oso txukun egin beharko ditugu irabazteko”

Sagardoaren Txapelketa finalerdietan sartuko da buru belarri datorren astelehenean eta bikoteak dagoeneko prest daude partidari aurre egiteko.

Lehenengo finalerdian, ETB-1eko Erremontari saioaren barruan, Oialume Zar eta Setien sagardotegiek jokatuko dute. Oialume Zar Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak ordezkatzen dute eta Setien berriz, Ansa II.ak eta Juaneneak.

Endika Barrenetxa txapelketa garrantzitsu denak irabazitakoa da, behin baino gehiagotan, eta final ugaritan jardun da, baina inoiz ez da iritsi txapelketa honetan finalera. Gogotsu dago atzelari hernaniarra.

“Etxeko sagardotegiaren ordezkari naiz eta aparteko gogoak izaten dituzu, baina argi dago gogo horiek urte luze hauetan ez zaizkidala ongi etorri. Hala ere, aurten joko handiarekin aurkitzen naiz, baita fisikoki. Gustatuko litzaidake behingoz Oialume Zar finalera sailkatzea”.

Barrenetxea jakitun da finalerdietako aurkariak gogorrak direla, Ansa eta Juanenea. “Ansa, agian, ez dago pasa den urteko joko distiratsu horrekin, baina Juaneneak egunetik egunera gero eta hobeto jokatzen du atzean, konfiantza gero eta handiagoa du. Ansari jokoa etortzen ari zaio pixkana. Ligaxkan, aurreneko jardunaldian, 30-29 irabazi genuen eta ikusi zen partidua eta bikoteak oso konpentsaturik daudela. Gauzak oso txukun egin beharko ditugu berriz ere 30era iristeko”.

Txapelketan zehar ongi ikusi dute euren burua Oialume Zarreko bikoteak. “Orokorrean eta bere osotasunean gure txapelketa positiboa da. Garbi adierazi ditu bi gauza gure bikoteak. Alde batetik, edozeini irabazteko gauza gara eta Urriza eta Zubiri bikoteari ere tanto gehien guk egin diegu. Horrek erakusten du gaitasuna dugula ongi jokatzeko. Baina bestetik, bigarrengo jaialdian, Segurola eta Azpirozen aurka ongi irabazi beharreko partiduan, 25ean geratu ginen. Goikoetxeak eta nik egun txarrak izaten ditugu, beldur hori ere badugu”.

Nahiz eta oraindik finalera iritsi ez, txapelketa irabazteko aukerak ikusten ditu. “Urriza eta Zubiri dira faborito, oso sendo daude. Zubirik esperientzia handia du eta badaki Urrizarekin ezin hobeto moldatzen. Urrizarekin zer joko egin behar duen eta zein pilota utzi behar zaizkion jotzen. Zuloak ere badituzte eta gertu izan genuen garaipena beraien aurka. Egun on batekin irabazi genezake”.

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da

Ezkurra II-Zaldua I eta Aldabe-Larrañaga bikoteak dira sailkatu ez direnak

Urriza-Zubiri, Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Segurola-Azpoiroz eta Ansa II-Juanenea sailkatu dira

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitu da eta erabakita geratu dira finalerdietara sailkatu diren bikoteak. Azkenengo jardunaldian bi partiduetako emaitza berdina izan zen. Honela, lehenengoan Urriza eta Zubirik (Larre Gain 30-21 gainditu zituzten Ezkurra II eta Zaldua I (Gurutzeta). Bigarrengoan, Ansa eta Juaneneak, emaitza berdinarekin, irabazi zuten Segurola eta Azirozen (Petritegi) kontra.

Sailkapena honela geratu da. Urriza eta Zubirik partida guztiak irabazi dituzte, bost, eta 20 punturekin aurrenak geratu dira. Ezkurra eta Zalduak zituzten sailkatzeko aukera apurrak atzo galdu zituzten eta kalean geratu dira bost punturekin bosgarren sailkatu ondoren. Ansa eta Juaneneak, Segurola eta Azpiroz gainditu zituzten bien arteko partida irabazita. Honela hirugarren eta laugarren sailkatu dira hurrenez hurren. Goikoetxea eta Barrenetxea (Oialume Zar) bigarren izan dira eta Aldabe eta Larrañagak (Bereziartua), sailkatzeko aukerak aurretik zituzten galduak. 

Finalerdietan, datorren astelehenean, Urriza eta Zubirik Segurola eta Azpirozen aurka jokatuko dute eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Ansa II-Juanenea izango dituzte aurkari.

Atzoko partiduei dagokionez, biak oso desberdinak izan ziren. Lehenengoan urdinek denbora askoan agindu zuten, nahiz eta azkenean bi partiduetan emaitza berdina izan. Ezkurra eta Zaldua aurretik hasi ziren eta partidua parekatua joan zen. 16-18 ere aginzten zuten Ezkurrak eta Zalduak, baina partida amaiera luzea egin zitzaien eta 14-3ko partzialarekin gorriek loertu zuten garaipena. 

Bigarren partidan Ansak eta Juaneneak segituan erabaki zuten partida. 15-1 aurreratu hamar minututan eta erabakia geratu zen partida. Hala ere, urdinak sei tantora hurbildu ziren 24-18, 26-20, nahiz eta beranduegi izan garaipena lortzeko. Partida hasi aurretik bi bikoteek bazekiten sailkatuta zeudela eta agian horrek eragin zuen.  

Aldabek eta Barrenetxeak irabazi dute maila handiko beste estelar batean

Aldabek eta Barrenetxeak irabazi dute maila handiko beste estelar batean

Aldabek eta Barrenetxea IV.ak 40-38 gainditu zituzten Urriza eta Juanenea. Beste behin ere, eta aste batzuk badoaz, Galarretako estelarrean ikuskizun ederra izan zen berriro ere, lau pilotariak maila onenean jokatuz.


Ez zuen inork huts egin, eta Barrenetxea eta Urriza sasoi bikainean dauden arren, bere bikotekideak parean egon ziren. Aldabek eta Juaneneak ere partida bikaina jokatu zuten.


Izarren eta bikotekideen zenbakiak antzekoak izan ziren. Barrenetxeak bost tanto egin zituen saketik, Juaneneak bezala. Piloteoan hobeto aritu zen bederatzi eta sei tantorekin, hurrenez hurren, baina Juanenea seguruago egon zen eta huts gutxiago egin zituen, bi akats, atzelari hernaniarrak lau ordea. Istorioa aurrelarien borrokan errepikatu zen. Aldabek 21 tanto egin zituen akats bakar batengatik, Urrizak 22-3. Hiru tanto bakarrik egin zituen bi paretetara, baina ezker paretera bikain arrimatu eta oso ondo moztu zuen pilota.


Partida oso ona izan zen eta urdinek atzera aurrera egiten zuten. Gorriek markagailuan agintzen zuten eta bospasei tantoko errentak lortzen zituzten, urdinek ezerezean geratu arte murrizten zituztenak. 26-25ekoaren ostean, 29, 30, 31, 32, 33, 37ra iritsi ziren berdinketak, eta azkena 38ra. Estelar horretan, lau erremontistek abiadura handia eman zioten pilotari, eta jokaldiak, piloteoak eta era guztietako tantoak ikusi ziren, meritu handikoak.