Lau bikote ariko dira Lehen Mailan eta hiru Bigarren Mailan. Bi txapelketak azaroaren 28an hasiko dira Hernanin, eta finalak abenduaren 19an eta 26an jokatuko dira.

Oriamendi 2010ek azaroaren 18an aurkeztu zituen, Orona Fundazioan, Galarretan antolatuko dituen azken bi binakako erremonte txapelketak. Oihana Maritorenak gidatutako ekitaldian bi mailetako pilotariak, babesleak eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren.

Xabi González Oriamendiko gerenteak eskerrak eman zizkien hamasei urte eta erdiko ibilbidean bidelagun izan dituzten pilotari, langile, babesle, erakunde, komunikabide eta laguntzaileei. Oriamendik 2026aren amaieran jarduera etengo duela gogorarazi zuen, eta norbaitek lekukoa hartuko duen itxaropena agertu zuen, erremonteak aurrera egin dezan.

Gonzálezek sarrerak aldez aurretik erosteko gomendatu zien zaleei, batez ere abenduaren 26ko finalerako, Galarretako azken jaialdian harmailak beteko direla aurreikusten baita. Galarretan bost jaialdi baino ez dira geratzen, eta Oriamendik bostak bereziak izatea nahi du. Horregatik, lehen jardunalditik frontoira joateko eta erremontea bertatik bertara bizitzeko deia egin zuen. Sarrerak salgai daude www.oriamendi.eus webgunean.

Lehen Mailan, lau bikote azken txapelaren bila

LVI. Binakako Erremonte Txapelketa Nagusian Ezkurra II–Aiestaran VI, Aldabe–Zubiri, Jabalera–Barrenetxea IV eta Goikoetxea V–Azpiroz ariko dira. Denek denen aurka jokatuko dute hiru jardunaldiko ligaxkan, eta jardunaldi bakoitzean Lehen Mailako bi partida izango dira.

Ligaxkako lehen bikotea zuzenean sailkatuko da abenduaren 26ko finalera. Bigarren eta hirugarren sailkatuek abenduaren 19ko finalaurrea jokatuko dute, eta irabazlea finalera igaroko da.

Bigarren Mailako txapela abenduaren 19an erabakiko da

Deskarga–Ugarte II, Martixpe–Goikoetxea VI eta Arluziaga–Eskudero lehiatuko dira Bigarren Mailan. Hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute ligaxkan, eta lehen bi sailkatuek abenduaren 19ko finala jokatuko dute, Lehen Mailako finalaurreko jaialdi berean.

Galarretako azken bost jaialdiak

Eguna Lehen Maila Bigarren Maila Jaialdiaren hasiera
Azaroak 28 Ligaxka, 1. jardunaldia Ligaxka, 1. jardunaldia 16:30
Abenduak 5 Ligaxka, 2. jardunaldia Ligaxka, 2. jardunaldia 16:30
Abenduak 12 Ligaxka, 3. jardunaldia Ligaxka, 3. jardunaldia 15:15
Abenduak 19 Finalaurrea Finala 15:15
Abenduak 26 Finala — 16:00

ETB1ek zuzenean emango ditu Lehen Mailako abenduaren 12ko jardunaldia eta abenduaren 19ko finalaurrea. Abenduaren 26ko finala egun berean emango du diferituan, 22:15etik aurrera.

Aurkezpenean, Oriamendik bere azken elastiko ofiziala ere iragarri zuen, hamasei urte eta erdiko ibilbidearen oroigarri. Elastikoa webgunean jarriko du salgai, eta norberaren gustura pertsonalizatzeko aukera izango da.