30-19 gailendu zaio Ezkurra II .ari 13-1eko partzial baten ostean

Aritz Juaneneak lehen lau puntuak lortu zituen Banakako Eusko Label Txapelketan, Josetxo Ezkurrari 30-19 irabazita.
Saldiasekoak partida hautsi zuen 17-18koaren ostean eta 13-1eko partzialarekin garaipen argia lortu zuen. Ordura arte berdintasuna zen nagusi. Bi erremontistek ez zuten sakearekin minik egiten eta gainerakoei tantoak gehitzen zizkieten. Piloteo askorik gabe Ezkurra zen erritmoa markatzen zuena, baina Juanenea beti gertu zuela. Ezkurraren maximoa hiru tantokoa izan zen 8-11koan. Juanenea 16-15 aurreratu zen eta 17-18koaren ostean ligaxkako norgehiagoka erabat aldatu zen.
Juanenea hobeto ateratzen hasi zen. Nerbioak gainetik kendu eta indar handiagoz jo zuen pilota. Erabat askatu zen, eta horrek nahi bezala menderatzen lagundu zion. Dena ateratzen hasi zitzaion, eta hainbeste sake eta bi horma sinesgaitz ere iritsi zitzaizkion. Ezkurrak, ordea, ez zuen arrautzarik ikusten, eta Juaneneak inprimatzen zuen abiaduraz harrapatuta ikusten zuen bere burua.
Merezitako garaipena lortu du titulua defendatzen duenak ligaxka hasteko eta urduritasuna alde batera utzi du lehen enbido garrantzitsu batean.