Ostegun honetan, uztailaren 16an, 16:30etik aurrera, Galarretak jardunaldi oso berezia biziko du. Jai Alai Summer Season txapelketaren bigarren hitzorduak Galarretaren historian oso errotuta dagoen tradizio bat berreskuratzeko aukera emango digu egun batez: erremontearen ostegunak.

Hamarkada luzez, ostegunak eta larunbatak egun bereziak izan ziren Galarretan. Belaunaldiz belaunaldi, zaleak pilotalekuan elkartzen ziren erremonteaz gozatzeko, eta pilotaren hotsak bizia ematen zien Galarretako hormei. Urteen poderioz, ordea, ostegunetako jaialdien tradizio hura desagertu egin zen.

Ostegun honetan itzuliko da. Eta kasu honetan, azken aldiz.

2026a Oriamendi 2010 enpresak erremonte profesionalaren kudeaketaren ardura izango duen azken urtea izango da, eta, horregatik, uztailaren 16ak hitzez azaltzen zaila den esanahia du guretzat. Agian, askorentzat beste jaialdi bat besterik ez da izango. Galarreta ezagutzen, maite eta urte luzez bizi izan dugunontzat, ordea, ez.

Ostegun honetan, gure jardunaren barruan azken aldiz, erremontearen pilotaren hotsa ostegunez entzungo da berriro Galarretan.

Jardunaldiak, gainera, Jai Alai Summer Seasonen erakargarritasuna izango du, erremontariak ohikoak ez dituzten postuetan lehiatuko baitira. Hiru partida jokatuko dira, eta egitarau osoa erantsitako irudian kontsulta daiteke.

Oriamenditik gurekin bat egitera eta Galarretaren historiako pasarte txiki honetaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Oraindik partida ugari geratzen dira jokatzeko.

Baina ostegun hau, azkena da.