Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Ander Goikoetxeari eta Aritz Juaneneari irabazi diete Erremontari-Sagardoaren Txapelketako playoffetako partida, Galarreta pilotalekuan. Bereziartua sagardotegiko bikoteak 9-15 eta 8-15 hartu du mendean Alorreneakoa. Beraz, Ezkurra eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak datorren asteko finalerdian.
Lehen jokoaren lehen bi herenak oso parekatuak izan dira. Ansa eta Juanenea nabarmendu dira lehen zati luze horretan, nor baino nor aritu dira Urnietako aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria. Ansak eta Zubirik atsedenaldira tanto bat aurretik joatea lortu dute (7-8).
Jokoaren azken txanpan, ordea, Goikoetxeak eta Juaneneak zertxobait behera egin dute. Ansak bereari eutsi dio, jokoari abiadura emanez, eta Zubirik zertxobait gehiago asmatu du sakean. Horri esker Bereziartua sagardotegiko ordezkariek zuloa egin dute markagailuan, eta jokoa irabazi dute (9-15).
Bigarren jokoan, estrategia aldaketa eta erreakzio baten beharrarekin kantxaratu da Alorreneako bikotea. Juanenea txokotik sakatzen hasi da, eta 4-0 aurretik jarri dira aurretik. Lau eta hutsekoa Juaneneak berak errebesez txokotik txokora egindako tanto ikusgarria izan da.
Alorreneako erremontistak 7-2 aurreratu dira, eta atsedenaldira agintzen joango zirela zirudien. Baina orduan Ansak errestoan tanto bikaina egin du, eta Bereziartuako pilotarien susperraldia etorri da. Markagailua erabat irauli eta atsedenaldira aurretik joan dira (7-8). Kantxara bueltan joera ez da aldatu, eta ia zuzenean joan dira 15. ktantora (8-15). Azken partziala 1-13koa izan da garaileen alde. Aurrelari urnietarrak 17 tantorekin bukatu du neurketa, galtzaileek guztira egin dituzten tanto berberak.