Goikoetxea V.ak eta Juaneneak neurketa irauli eta garaipena lortu zuten Segurola eta Larrañagaren aurka hiru jokotan (13-15,15-13 eta 8-6), Erremontari-Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian. Galarreta pilotalekuan jokatutako partidan, lehen jokoa galdu zuten norgehiagokako irabazleek, baina ondorego bietan nagusitu ziren partida oso lehiatuan.
Lehen jokoa gorabehera handikoa izan zen. Lehen erdian Petritegi sagardotegiko ordezkariak nagusi izan ziren. Larrañagak sakearekin asko asmatu zuen, eta 5-8 aurretik joan ziren jokoko atsedenaldira. Bueltan, Alorreneako bikotearen erreakzioa etorri zen. Larrañagak falta bat egin, eta ondoren Goikoetxeak eta Juaneneak 8-0eko partziala sartu zieten aurkariei. Beraz, markagailua irauli eta 13-9ko markagailua jarri zuten. Alorreneakoek dena alde zutela zirudienean, aurreneko jokoa bereganatzeko, Petritegiko ordezkariek jokoa berriro iraultzea lortu zuten, aurreneko partziala poltsikoratzeko (13-15). Larrañagak lau tanto sakez egin zituen lehenengo setean.
Bigarren jokoa ez zen lehenengoa bezain gorabeheratsua izan, baina bai parekatua amaierara arte. Goikoetxea eta Juanenea oso sendo hasi ziren, eta 8-3 joan ziren aurretik jokoko atsedenaldira. Tanto horretan, gainera, Larrañagak pilotakada jaso zuen berna-bizkarrean. Hala ere, Petritegiko atzelariak arazo gabe jarraitu ahal izan zuen partidan. Atsedenalditik bueltan, markagailua ekarri zuten Segurolak eta Larrañagak (9-8), baina Larrañagak berak garai txarrean falta bikoitza egin zuen. Jarraian, Goikoetxeak hormabiko bikaina eginda 13-8koa jarri zuen. Petritegikoek ez zuten etsi, eta berriro ekarri zuten jokoko markagailua (13-12). Segurolak bi pareta bikaina jo zuen eta Larrañagak bere seigarren tantoa egin zuen sakez. Baina Alorreneakoek zertxobait gehiago asmatu zuten azken txanpan, hirugarren jokoa behartzeko (15-13).
Hirugarren joko erabakigarrian, Goikoetxea eta Juanenea ondo hasi ziren, baina atsedenaldira markagailua estu zegoela joan ziren berriro lau erremontistak (4-3). Tentsio handia nabaritu zen kantxa barruan. Alorrenea sagardotegiko ordezkariak 6-3 aurreratu ziren, baina Petritegiko bikoteak berriz estutu zuten jokoa (7-6). Azkenean, hala ere, norgehiagoka iraultzea lortu zuten Goikoetxeak eta Juaneneak (8-6).

Ezkurra-Azpiroz, bigarren garaipena eta lidertza
Jardunaldiko bigarren partidan, Ezkurrak eta Azpirozek bi jokotan irabazi ziten (12-15 eta 12-15) Ansari eta Zubiriri. Bikote nafarrak Ansa saihesten asmatu zuten norgehiagokako fase askotan, eta garaipena eskuratu zuten, baita lidertza ere. Partida bikaina izan zen, nahiz eta ez izan lehenengo partidaren iraupena eta emozioa, bai ordea joko hobea.
Maila handiko lehen joko bizia jokatu zuten lau erremontistek. Josetxo Ezkurra eta Xabi Azpiroz Imanol Ansari pilota kentzen saiatu ziren une oro, eta joko fase askotan lortu zuten. Aburuzako bikotea 1-5 aurretik jarri zen markagailuan, baina joko berdinketa bakarra izan zen ondoren, bosnakoa. Ansa II.ak pilota izan zuenean ederki aprobetxatu zuen. Hala ere, jokoko atsedenaldira ere aurretik joan ziren Aburuzakoak. Bereziartua sagardotegiko ordezkariek ez zuten etsi, eta estutu ederra eman zieten aurkariei azken txanpan (12-13). Hala ere, joko parekatua irabaztea lortu zuten Ezkurrak eta Azpirozek (12-15). Bi bikoteek erremate sorta ederra eskaini zuten lehen jokoan.
Bigarren jokoan mailak eta erritmoak zertxobait behera egin arren joko ona mantendu zen. Joko hasieran bana, hiruna eta launa berdindu zuten bikoteek. Ezkurra eta Azpiroz jokoko atsedenaldira 6-8 aurretik joan ziren markagailuan. Nafarrek, oro har, agindu zuten jokoan, eta Ansa saihesten asmatu zuten. Hala ere, urnietarra jokoan sartu zen bakoitzean, Doneztebeko aurrelaria eta Uitziko atzelaria estutasunean jarri zituen.11-12 eta 12-14 hurbildu ziren Ansa eta Zubiri, baina hanka-sartze larriren bat tarteko, garaipena poltsikoratu zuen Aburuzako bikoteak (12-15), eta baita Erremontariko lidertza ere. Azpirozek zortea ere aldeko izan zuen partidan, nahi gabe lau tanto egin baitzituen.