Ezkurra II-Azpiroz 2-1, eta Goikoetxea V-Juanenea 2-0, gainditu dituzte, hurrenez hurren

Erremontari saioa-Sagardoaren Txapelketa atzo hasi zen Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Ansa II-Zubiri (Bereziartua) bikoteen garaipenekin. Oialume Zar sagardotegiko bikoteak markagailua irauli eta 2-1 (15-10, 7-15 eta 3-8) gainditu zituzten Ezkurra II eta Azpiroz. Jaialdiko bigarren partidan Ansa II eta Zubirik 15-11 eta 15-13 gainditu zituzten Goikoetxea V eta Juanenea.

Lehenengo partidan Ezkurra eta Azpiroz ongi sartu ziren kantxan eta 15-10 irabazi zuten lehen joko hori. Ezkurrak bederatzi tanto egin zituen, Barrenetxeak zabaletik sakearekin ezin asmatu ibili eta gero. Abantailak beti izan ziren gorrien alde (5-1, 8-5, 12-6 eta 15-10). Azpirozek bi tanto egin zituen akatsik gabe.
Bigarren jokotik aurrera beste partida bat ikusi zen. Barrenetxea txokotik ateratzen hasi eta gehiago asmatu zuen. Guztira hamar tanto egin zituen atzelari hernaniarrak bigarren set honetan, bost sakearekin, eta agintea eraman zuen. 7-15, eroso berdindu zuten partida urdinek.
Hirugarren eta joko erabakigarrian bigarren seteko ildo bera eraman zuen partidak. Bina hasi zuten, baina 2-6 ihes egin eta gero 3-8 itxi zuten partida eta lehenengo hiru puntuak eskuratu zituzten Aldabek eta Barrenetxeak eta puntua batu zuten Ezkurra II.ak eta Azpirozek.
Bigarren partida ere berdindua eta piloteatua izan zen, nahiz eta 2-0 izan Ansa eta Zubiriren alde. Bi jokoak azken tantoetan erabaki ziren. 11na joan eta gero azken lau tantoak Ansak eta Zubirik egin zituzten. Bigarren setean ere 11na eta gero 13na jarri ziren eta azken bi tantoak urdin izan ziren.
Fase erabakiorrean Zubiriren sakeak zabaletik min handia egin zion Goikoetxeari. Lau tanto egin zituen goizuetarrak saketik lehenengo setean eta hamaikagarrena eta hamahirugarrena ere bai bigarren setean.
Piloteoan bai aurrean eta bai atzean berdintasun handia izan zen partida guztian zehar. Goikoetxeak ongi eutsi zion Ansari, baina azkenean ez zuten gorriek punturik batu. Urdinak berriz lider jarri dira lau punturekin lehenengo jardunaldia amaitu eta gero.