15-10 eta 15-7 gainditu zituzten Deskarga eta Martirena

Bigarren Mailako finala ez zen hirugarren setera joan, Ander Goikoetxea eta Joseba Goikoetxea, Julen Deskarga eta Ibai Martirena baino gehiago izan baitziren. Merezimendu osoz jantzi zuten txapela, saiatu zen Deskargaren eta finalean apur bat desitxuratuta egon zen Martirenaren aurka.

Azpimarratzekoa da Joseba Goikoetxea atzelariak egin zuen partida. Ander Goikoetxea aurrelaria protagonista izatea espero zen, baina atzelaria izan zen. Bederatzi tanto egin zituen sakearekin guztira 15 tanto egiteko, 6 lehenengoan eta 9 bigarrenean, astakeria atzelari batentzat. Luze eta ponpatua ateratzen zuen eta min handia egin zion Martirenari. Deskargak borrokatu zuen, saiatu zen, baina ezin izan zuen aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Berdintasuna lehen seteko bederatzina arte mantendu zen, hortik aurrera urdinen nagusitasuna erabatekoa izan zen eta gorriek ezin izan zuten ezer egin. 15-10 eta 15-7ko markagailuak argi utzi zuen bien arteko aldea.