Paulo Aiestaran Trevijano ‘Aiestaran VII.ak (24 urte, Hernani) larunbatean debutatuko du profesional mailan, 16:30etatik aurrera, Aitor anaia lagun duela bikote osatuz. Aurkariak Gurrutxaga eta Eskudero izango dira.
Egun berezia izango da zuretzat larunbatekoa. Nola aurkitzen zara?
Momentuz lasai nago. Badakit kantxara ateratzean urdurituko naizela, baina aurreko asteak behintzat lasaiak izan dira. Argi daukat entrenatzen eta lanean jarraitu behar dudala. Etzi helburu bat beteko dut, baina hasiera besterik ez da. Pentsamendu horrekin hartzen dut debuta, eta lanean jarraitzeko gogotsu nago.
Noiz jakin zenuen debutatuko zenuela?
Azkar joan da dena. Duela hiruzpalau aste esan zidaten debutatuko nuela. Urtebete baino gutxixeago daramat burubelarri entrenatzen, eta azkar izan bada ere, gogo haundiarekin hartu nuen albistea. Ibilbideko pauso garrantzitsua da.
Hilabete gutxi daramatzazu entrenatzen, baina noiztik datorkizu afizioa?
Txikitan askotan joaten ginen Galarretara. Frontoia umetatik ezagutu dugu, eskuz eta zestan aritu izan naiz, eta harreman hori aspalditik daukagu. Anaiak ere (Aiestaran VI) duela bi urte debutatu zuen, eta ni tarteka berarekin joaten nintzen pelotakada batzuk ematera. Orain arte futbolean aritu izan naiz, baina erabaki nuen etapa hori ixteko momentua zela. Beste zerbait probatzeko gogoz nengoen, eta horregatik erabaki nuen serioago ekitea erremonteko entrenamenduei.
Zerk harritu zaitu gehien?
Gehienbat abiadurak. Frontoiko beste kirolekin konparatuta, askoz ere azkarragoa da erremontea. Kanpotik hori ikusten da, baina barruan zaudenean inpresio handiagoa egiten du. Ezker paretean itsatsita zaudenean benetan ikusten duzu pelota horiek duten arriskua. Oso azkar iristen da pelota, eta zuk azkar bidali ezean hurrengoak bidaliko du azkarrago.
Zeintzuk dira zure ezaugarriak?
Pelotatik gatozen hasiberri gehienen modura, azpiko posturetan errazago moldatzen naiz. Goikoek gehiago exijitzen dute, eta ezker paretako pelota horiek ere kosta egiten dira. Oraindik ezaugarriak osatzen ari naiz, zenbait jokaldi hobetzeko urteak behar baitira. Momentuz, azpiko posturatik nahiko bixi ateratzen zait pelota xextatik.
Umetatik erremontari asko ikusteko aukera izan duzu. Nor izan da zure erreferentea?
Beti fijatu izan naiz aurrelarietan. Nire lehenengo oroitzapenak Kotetorenak eta Zeberiorenak dira, baina hor oraindik oso umea nintzen. Gerora Urriza izan da nire erreferentea. Askotan joan naiz Galarretara bere partiduak ikustera, ilusio hori beti mantendu dut. Iruditzen zait sekulako ibilbidea egin duela, eta pena ematen dit bukatzear dela ikusteak. Erreferente haundia izan da niretzat. Ez dut kantxan berarekin kointzidenteko aukerarik izan, baina aldageletan elkartu izana jada asko da.
Norekin aritu zara entrenatzen hilabete hauetan?
Apezetxearekin, Susperregirekin edo anaiarekin aritu naiz gehienetan. Bigarren mailan dabiltzan erremontariekin, alegia.
Pare bat aldiz aipatu duzu anaia. Berarekin osatuko duzu bikotea. Polita izango da, ezta?
Berezia izango da. Bere ondoan egin dut orain arteko bidea. 2023ko Binakako finalaren ondoren erabaki nuen nik serioago hastea, eta elkarrekin hasi ginen entrenatzen. Debutean bikotea osatzea oso polita izango da guretzat eta familiarentzat.
Partiduari buruz, zer? Irabazteko gogoz?
Partidu polita egin nahi nuke. Egia da behin hasita denok nahi dugula irabazi, baina hasiera batean disfrutatzea da helburua. Horrelako egunak, urduritasuna tarteko, sufritzekoak izan daitezke. Nik lasai joan nahi dut, entrenamenduetan egindako lana erakutsi, eta gozatu. Ez da txapelketako partidua, horrek ere erraztuko du gozatzea.
Inguruko jende pixka bat mugituko duzu…
Bai, batzuk etorriko dira. Tentsio pixka bat ere sortzen dit horrek, urte dexente daramatzat frontoian lehiatu gabe, eta hori nabarituko dut. Hala ere, saiatuko gara bultzada hori gure alde jartzen. Lagunduko digu.
Hemendik aurrera zein da zure helburua?
Iruditzen zait bakoitzak bere maila gorena bilatu behar duela aldiro. Orain oso zaila egiten zait helburuak finkatzea; entrenatzen eta hobetzen jarraitu nahi dut, besterik gabe. Esperientzia hartzen joan behar dut orain, eta horrekin batera gora egiten jarraitu. Gainontzean, epe luzeko helburuak jartzeak edo helburu zehatzak buruan sartzeak ez du zentzu haundirik.
Gazteak debutatzen, finaletan Galarreta lepo… Nola ikusten duzu erremontearen egoera?
Nik ikusten dut jendeak gozatu egiten duela Galarretara joaten denean. Ikuskizun polita iruditzen zait, eta pena ematen dit giro horrek jarraikortasuna ez izateak. Jendea animatuko nuke hastera, geroz eta erremontari gehiago izanda mailak ere gora egingo duelako. Uste dut ondo ari direla lanean, txapelketa asko antolatzen dira, eta duela 5-6 urte baino hobeto dago erremontea. Frontoia betetzea oso lan zaila da, eta azken boladan lortu da. Bide honetan segi behar dugu pixkanaka gorantz egiten jarraitzeko.