10-15 eta 10-15 gainditu dituzte Urriza eta Larrañaga finalerdian

Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira Segurola eta Barrenetxea IV.aren aurkariak Binakako-Orona Fundazioaren Erremonte Txapelketako finalean, finalerdian Urriza eta Larrañagari 10-15 eta 10-15eko emaitzarekin irabazi ondoren.


Finalerdian urdinak izan ziren nagusi. Ezkurra II.a izan zen partidaren jabea eta denetarik egin zuen modu zoragarrian. Lehen setean bederatzi tanto ere egin zituen eta Azpirozek bere jokoa hobetu zuenean lehen set hori modu argian eraman zuten. Azpirozek ondo jaisten zuen pilota eta Larrañagak pilota asko entregatu zuen eta hori ongi aprobetxatu zuen Ezkurrak tanto ederrak egiteko. Joan den asteko arantza atera zuen. Oraingoan askoz gehiago jokatu zuen erasoan eta horrek asko laguntzen du. Urriza langile aritu zen, baina aurkariek menderatu zituzten. Urdinek asko gozatu zuten partida osoan eta markagailua argia izan zen. Finalaurrekoari berdintasun gehiago eta agian emozio gehiago falta izan zitzaion, baina Ezkurra eta Azpiroz dira finalistak, merezita.


Jabalera eta Apezetxea, finalera

Bigarren Mailako Txapelketan Jabalera eta Apezetxea, Loitegi eta Zubiriren aurka nagusitu ziren 15-12ko bi partzialekin finalerdian eta Aldabe eta Aiestaran VI .aren aurkariak izango dira abenduaren 28ko finalean. Lehen Mailako txapelketan bezala, bikote hobea egon zen, nahiz eta oraingoan parekatuagoa izan. Gorriak hobeto aritu ziren bi seten une erabakigarrietan.

Materiala abenduaren 23an, astelehenean, aukeratuko da

Lehian dauden bi txapelketetako lau bikote finalistak abenduaren 23an, astelehenean, arratsaldeko 18:00etan, Galarretan izango dira, finaleko materiala banatzeko. Bertan izango dira gaurko bi bikote irabazleak, gehi Segurola-Barrenetxea IV eta Aldabe-Aiestaran VI.