Urrizak txapela defendatuko du etzi hasiko den txapelketan

Aurreligaxka jokatuko dute Azpiroz, Larrañaga eta Juaneneak eta irabazlea Ansa II.ari, Barrenetxea IV.ari  eta Urrizari elkartuko da Ligaxkan

Chillida Lekun, Hernanin, Galarreta frontoitik gertu aurkeztu da gaur 41. Buruz Buruko Eusko Label erremonte Txapelketa. Urteko txapelketarik garrantzitsuena da eta aurten babesle nagusia aldatu da. Eusko Label izango du izena txapelketak.
Sei pilotarik jokatuko dute eta etzi hasiko da, aurreligaxka, Galarretan. Bertan, Azpiroz eta Larrañaga lehiatuko dira nor baino nor eta Juanenea izango du zain irabazleak larunbatean. Larunbateko garaileak Ligaxkarako sailkapena lortuko du eta bertan Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Urriza, txapelduna, gehituko dira txapelketara.


Ligaxkan denak denen aurka jokatuko dute eta lehenengo postuan sailkatzen den pilotaria finalera sailkatuko da zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute eta laugarren sailkatua kanporatua izango da.
Ligaxkan sei partidu izango dira: abuztuaren 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an. Finalerdia irailaren 2an jokatuko da Galarretan eta finala irailaren 9an izango da.
Ligaxkako sailkapena puntuaketa sistemak erabakiko du. Partidak 30era izango dira eta garaileak lau puntu batuko ditu, 29tik 27 tantura egiten dituenak bi puntu lortuko ditu, 26tik 24 tantura egiten duenak puntua eskuratuko du, 23tik 17 tantura ez da punturik lortuko eta 16 edo tantu gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izango du.
Bi erremontarien artean berdinketa badago beraien arteko partiduaren irabazlea sailaktuko da aurretik. Hiru edo lau erremontistek berdintzan badute tanteo globala hartuko da kontuan.
Partidu guztiak Galarretan izango dira eta lehenengo partida, etzi, 16:30etan hasiko den jaialdian jokatuko dute Azpiroz eta Larrañagak.