Erremontari Herriz Herriko txapelketa aurkeztu da gaur Miramongo EITBren egoitzan. Txapelketa berria da Erremontari saioaren bultzada jarraituz antolatu dena.
Berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiak hartuko dute parte bi taldeetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak egongo dira eta B taldean Oriamendiko beste erremontista guztiak.
Txapelketa Euskal Herriko bederatzi herrietan barrena jokatuko da. Lehenengo jardunaldia larunbatean hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Aizarnazabalen. Bidean, larunbatetan, Zestoak, Amezketak, Oriok, Beasainek, Altsasuk, Villabonak eta Hondarribiak jardunaldi bana jasoko dute bertako frontoian. helmuga Zumarraga izango da eta finala bertan jokatuko da ekainaren 27an.
Bikoteak ez dira finkoak izango, jardunaldi bakoitzean aldatzen joango dira eta puntuaketa indibiduala izango da.
Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta (eginiko tantuen eta huts egiteen kenketaren emaitza) media onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean)
Pilotari batzuk bi eta beste batzuk hiru partida jokatuko dituztenez, tantuen media egingo da. Erremontistai batek partida bakarra jokatzen badu, ez du finalera iristeko aukera izango.
Aurkezpenean izan ziren: Joseba Urkiola EITBko Kirol Zuzendaria; Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Mari Carmen Arregi Aizarnazabalgo Alkatea; Mikel Serrano Zumarragako Alkatea; Anuska Esnal Orioko Alkatea; Beatriz Unzue Villabonako alkatea; eta Juan Luis Silanes: Hondarribiako kirol zinegotzia.
Oriamenditik bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten hamar erremontista eta Joxe Mari Barrenetxea. Barrenetxearen hitzetan,”Oriamenditik eskerrak eman nahi dizkiogu txapelketa aurrera ateratzen lagundu diguten agente guztiei: Gipuzkoako Foru Aldundia, EiTB eta txapelketan parte hartzen duten bederatzi herriei”.
Barrenetxearen esanetan Oriamendiren helburu bat beti izan da erremontea zabaltzea. “Azkeneko bi urteetan Erremontari saioari esker Euskal Herriko etxe askotan sartzeko aukera izan dugu oso emaitza onekin. Aurten ere Erremontariren hirugarren urtea aprobetxatuz aurrera pauso bat eman nahi izan dugu herriz herriko txapelketa antolatuz. Horrela, erremontea zuzenean ikusteko aukera ematen dugu eta pilotazaleei hurbiltzen diegu erremontea ikusteko aukera herri ezberdinetan”.
Oriamendirentzat oso proiektu polita eta garrantzitsua da eta “ziur gaude lehenengo txapelketa hau, hurrengo urteetan ere geroz eta zabalagoa izango dela. Animatu jokatuko ditugun herrietako biztanleei erremonte jaialdia ikustea eta animatu beste herriei ekimenean parte hartzera.
Aurkezpenean ere hartu zuten hitza Iker Goiriak, Joseba urkiolak, Mari Carmen Arregik eta Mikel Serranok.