Atzo aukeratu zituzten bihar jokatu behar duten Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako pelotak. Bikote urnietar-hernaniarra urdinez arituko da, Segurola eta Larrañagaren aurka eta pelota biziagoak aukeratu zituzten.
Binakako Erremonte Txapelketaren finala bihar ostegunean jokatuko dute Galarretan Segurola-Larrañaga eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a bikoteek. Urnietako eta Hernaniko bikotea gogotsu dago finalerako, finalerdian Ansa eta Juanenea erraz gainditu eta gero. Hirugarren finala izango du Barrenetxeak eta lehenengoa Goikoetxeak.Atzo astelehenean, bost minutu behar izan zituen bikote bakoitzak Binakako Erremonte Txapelketako finalerako pelotak aukeratzeko.
Segurola eta Larrañaga lehenengo kantxaratu ziren Galarretara eta argi zuten zer nahi zuten, jokatzeko moduko pelota bat, irteera haundirik gabekoa. 129 gramoko bi pelota bereizi zituzten, 128ko bat eta 127koa bestea. Ez dira pelota lehorrak, ezta bote baxukoak ere, baina ezta arinak eta hegaldikoak ere. Barrenetxeak min egingo duen pelota saihestu nahi zuten eta gustura geratu ziren, non aukeratu bazegoelako.
Are denbora gutxiago behar izan zuten urdinek. Goikoetxeak eta Barrenetxeak finalerdiko material berdinaren aldeko apustua egin zuten. Pelota biziagoa sakearekin min egiteko. Laurak arinagoak dira, 128 gramo, 125 gramo eta 126 gramoko bi pisatu baitzuten pelotek.
Aukeraketa amaitutakoan, osteguneko finalari buruz hitz egin zuten,. Jaialdia 17:30etan hasiko da, Galarretan, eta finala 18:30ak aldera jokatuko da.
Endika Barrenetxea
«Segurola eta Larrañagak jokoa eta tantoa asko lantzen dute»
«Konfiantzarekin iristen gara finalera. Lehengo larunbatean finalerdian garaipen argia eskuratu ondoren sentsazio oso onak atera genituen kantxatik. Beraz gogotsu gaude. Ansa eta Juanenearekin alderatuta oso bikote ezberdina da. Segurola eta Larrañagak jokoa eta tantoa gehiago lantzen dute, bukatzea agian gehiago kostatzen zaie, baina oso serioak dira jokatzen. Uste dut, pelota gutxi galduko dituztela, tantoa asko landu beharko dugula eta saiatuko gara gurea egiten. Gakoa beti bezala sakean egongo da. Larrañaga sakatzaile handia da eta ni saiatuko naiz min egiten sakearekin, gero Goikoetxearen hurrengo pilota aprobetxatzen saiatzeko. Kasu honetan badakigu errebotean ez dela zuloa egongo, finalerdian bezala. Saiatuko gara gauzak ahalik eta txukunena egiten. Niretzako oso berezia da, Goikoetxearen lehenengo finala izango delako eta nirekin. Hiru aldiz iritsi gara finalaurrekoetara eta ez dugu inoiz finalera sartzerik izan aurten arte. Prest gaude eta lehenengoan txapela buruan jartzen saiatuko gara»
Ander Goikoetxea
«Partidu gogorra espero dut eta irabaztea gauza haundia litzateke»
«Ondo aurkitzen naiz, konfiantzarekin aurreko larunbateko partidua eta gero. Partidu oso gogorra espero dut, Segurola eta Larrañagak ez dute pilotarik galtzen. Egia da, tantoa amaitzeko ez dutela Ansaren gaitasuna, baina partidu gogorragoa egingo digute. Finala irabazi nahi badugu ezingo dugu pilotarik apenas galdu. Tantoa luzatu egingo da eta amaitzerakoan asmatu egin beharko da. Nire lehenengo finala da eta ilusio haundia egiten dit eta gainera Barrenetxearekin. Irabaztea gauza haundia litzateke eta horrelako egun bat bizitzea polita izango da».
Iban Larrañaga
«Final irekia espero dut, baina gure burua ikusten dugu faborito»
«Ondo gaude, ilusioarekin. Momentu onean harrapatzen digu finalak eta espero dugu partidu on bat egitea eta ea txapela etxera eramaten dugun. Aurrez lanak ongi egin ditugu eta finalera sailkatu gera. Horrek ere bere arrisku puntua dauka. Bi aste egon gara txapelketako partidurik jokatu gabe, beraiek ordea larunbatean finalerdia irabazi zuten eta ikaragarrizko ilusioarekin jokatuko dute finala. Konfiantzarekin daude Ansa eta Juanenea bezalako bikote bati erraz irabazita. Guk belarriak tente eduki beharko ditugu, inongo konfiantzarik gabe eta kontzentratuta. Finala Barrenetxearen sakeak erabaki dezake. Lehengo egunean 13 tanto egin zituen eta hori ikaragarria da. Espero dut nik ere asmatzea eta errestoan ere asmatzea. Gure jokoa egin behar dugu Barrenetxearekin obsesionatu gabe, Goikoetxea ere jokoarekin dago eta Segurolak aurrean izango dituen aukerak aprobetxatu beha ditugu. Gure burua jarriko dugu faborito, ezin da beti biktima moduan joan. Bikote konpletoa osatzen dugu eta final irekia espero dut. Hau nire bigarren finala da, oran hiru urte Urrizarekin batera irabazi nuen, Matxin III.a eta Barrenetxea beraren aurka».
Beñat Segurola
«Elkarrekin hasi ginen, debuta ere elkarrekin egin genuen eta finala elkarrekin irabaztea pilota izango litzateke»
«Gogo handiarekin gaude. Jokoarekin gaude Ibai eta ni. Ea final ona egiten dugun. Hasieratik bikote bezala maila altua erakutsi dugu, ni tantoak bukatzen eta bera sakatzen. Bikote ona osatzen dugu eta txapela irabazteko aukera onak ditugu. Partidu gogorra espero dut. Barrenetxeak asko jokatzen du eta sakeari eustea garrantzitsua izango da. Sake errestoan asmatu behar dut, bestela partidua zaildu egingo zaigu. Nik faborito ikusten dut gure burua. Ligaxkan onenak izan gara, nahiz eta finala partidu batera jokatu. Binakakoan nire lehenengo finala izango da Ilusio handia egiten dit Larrañagarekin finala jokatzea. Elkarrekin hasi ginen erremontean eta elkarrekin egin genuen debuta. Polita izango zen biak batera irabaztea».