Sagardoaren Txapelketa finalerdietan sartuko da buru belarri datorren astelehenean eta bikoteak dagoeneko prest daude partidari aurre egiteko.
Lehenengo finalerdian, ETB-1eko Erremontari saioaren barruan, Oialume Zar eta Setien sagardotegiek jokatuko dute. Oialume Zar Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak ordezkatzen dute eta Setien berriz, Ansa II.ak eta Juaneneak.
Endika Barrenetxa txapelketa garrantzitsu denak irabazitakoa da, behin baino gehiagotan, eta final ugaritan jardun da, baina inoiz ez da iritsi txapelketa honetan finalera. Gogotsu dago atzelari hernaniarra.
“Etxeko sagardotegiaren ordezkari naiz eta aparteko gogoak izaten dituzu, baina argi dago gogo horiek urte luze hauetan ez zaizkidala ongi etorri. Hala ere, aurten joko handiarekin aurkitzen naiz, baita fisikoki. Gustatuko litzaidake behingoz Oialume Zar finalera sailkatzea”.
Barrenetxea jakitun da finalerdietako aurkariak gogorrak direla, Ansa eta Juanenea. “Ansa, agian, ez dago pasa den urteko joko distiratsu horrekin, baina Juaneneak egunetik egunera gero eta hobeto jokatzen du atzean, konfiantza gero eta handiagoa du. Ansari jokoa etortzen ari zaio pixkana. Ligaxkan, aurreneko jardunaldian, 30-29 irabazi genuen eta ikusi zen partidua eta bikoteak oso konpentsaturik daudela. Gauzak oso txukun egin beharko ditugu berriz ere 30era iristeko”.
Txapelketan zehar ongi ikusi dute euren burua Oialume Zarreko bikoteak. “Orokorrean eta bere osotasunean gure txapelketa positiboa da. Garbi adierazi ditu bi gauza gure bikoteak. Alde batetik, edozeini irabazteko gauza gara eta Urriza eta Zubiri bikoteari ere tanto gehien guk egin diegu. Horrek erakusten du gaitasuna dugula ongi jokatzeko. Baina bestetik, bigarrengo jaialdian, Segurola eta Azpirozen aurka ongi irabazi beharreko partiduan, 25ean geratu ginen. Goikoetxeak eta nik egun txarrak izaten ditugu, beldur hori ere badugu”.
Nahiz eta oraindik finalera iritsi ez, txapelketa irabazteko aukerak ikusten ditu. “Urriza eta Zubiri dira faborito, oso sendo daude. Zubirik esperientzia handia du eta badaki Urrizarekin ezin hobeto moldatzen. Urrizarekin zer joko egin behar duen eta zein pilota utzi behar zaizkion jotzen. Zuloak ere badituzte eta gertu izan genuen garaipena beraien aurka. Egun on batekin irabazi genezake”.