Aldabe eta Apezetxea izango dira Loitegi eta Zaldua I.aren aurkariak Berria Erremonte Txapelketako finalean. Finalerdian, Aldabe eta Apezetxea aise nagusitu ziren, 35-19, Urrutia II.aren eta Labakaren aurka. Pronostikoa bete zen eta gorriak nagusi izan ziren hasieratik bukaerara.


Apezetxea izan zen finalerdiko erremontista nabarmenena, 11 tanto saketik eta bost piloteoan egin eta gero. Goizuetarraren hirugarren garaipena da profesionaletan hiru partidatan. Berria Txapelketako hiru partida jokatu ditu. Aldabe ere Urrutia baino gehiago izan zen 17 tanto eta bi akats eginda.


Hasierak erakutsi zuen partida nolakoa izango zen. 11-3 aurreratu ziren gorriak. Pixkanaka gora egin zuten errentek 18-9, 23-11, 31-18 eta alde handiena azken 35 eta19an iritsi zen. Bi bikote finalistak izan dira txapelketako onenak. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten eta Aldabek eta Apezetxeak 35-34 irabazi zuten.

Urriza eta Larrañaga, nagusi
Urrizak eta Larrañagak 40 eta 24 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Azpirozi. Partida 10-0eko emaitzarekin hasi zen. Alde horiek 17-6koan mantendu ziren, baina 15 tantora igo ziren 22-7koan eta 21 tantora arte 39-18koan. Urdinek zerbait makillatu zuten markagailua 0-6ko partzial batekin, baina ez zuen ezertarako balio izan, 40-24ko azken markagailuak bere kabuz hitz egiten baitu.

Ezkurrak ez zuen bere egunik onena izan. Ia ez zuen jokaldirik egin eta bederatzi tanto eta zazpi huts egin zituen. Hori aprobetxatu zuen Urrizak aurrelarien arteko lehia aise irabazteko. Baina onena Larrañaga izan zen. Azkoitiarrak hamar tanto egin zituen saketik piloteoan sei tanto eginda eta akatsik gabe. Urrizak 14 tanto egin zituen eta sei akats. Azpirozek lau tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats. Ikusleak lehia parekatuagoa ikusteko gogoarekin geratu ziren.