Aiestaran VII.a-Barrenetxea IV.a eta Ezkurra II.a-Goikoetxea VI.a bikoteek 2-0 irabazi dute Berria Txapelketako lehenengo jardunaldian
Susperregi-Larrañaga (15-5 eta 15-3) eta Segurola-Eskudero (15-12 eta 15-11) gainditu dituzte, hurrenez hurren.
Berria Erremonte Txapelketa Aiestaran VII.a-Barrenetxea IV.a eta Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI-.aren garaipen argiekin hasi da. Txapelketako lehenengo partidan Barrenetxea jaun eta jabe izan zen eta, Aiestaranek ongi lagunduta, 15-5 eta 15-3 garaitu zituzten Susperregi eta Larrañaga. Azken emaitzak argi eta garbi utzi zuen urdinen nagusitasuna.
Barrenetxeak min ikaragarria egin zuen sakearekin eta aurkariek ezin izan zieten aurre egin. Lehenengo setean 10 tanto lortu zituen atzelari hernaniarrak sakearekin eta bigarren setean lau gehitu zituen. Bere pilotakaden bizitasunak Susperregi lekuz kanpo uzten zuen. Beste maila batean jokatu zuen atzelariak.

Bigarren partidua izan zen jaialdiko berdinduena eta interesgarriena. Lau pilotariak ongi jokatu zuten, baina azkenean Ezkurraren abileziak erabaki zuen. Goikoetxea VI.arekin, 15-12 eta 15-11 gainditu zituzten Segurola eta Eskudero. Bi atzelariak lehia estua etaberdindua izan zuten eta ongi eutsi zioten bata besteari. Akats gutxi egin zituzten eta aurrelariek ere jokaldi ederrak egin zituzten. Ezkurrak aurreneko setean zazpi bi paret lortu zituen tantoan amaitzea eta Segurolak ordea, bost tanto egin zituen jokaldi horrekin. Bigarren setean hiru eta lau egin zituzten. Erritmo bizia izan zuen partidak eta maila altuan aritu ziren.
Bi partiduetan Barrenetxeak eta Ezkurrak erakutsi zuten txapelketako atzelari eta aurrelari onena direla.