Zortzi bikotek jokatuko dute erremonte txapelketa larunbatetik aurrera eta finala apirilaren 25ean izango da
Berria Erremonte Txapelketa 2026 gaur aurkeztu da Donostiako San Telmo museoan eta berrikuntzak izango ditu azkenenego aldiz jokatuko den txapelketa honek.
Azken urteetan gertatu ez den bezala, bigarren mailako erremontariak lehenengo mailakoekin arituko dira eta jokatuko duten zortzi bikoteak bi mailetako pilotariekin daude osatuak. Ondorengo bikoteak izango dira protagonista: Ezkurra II-Goikoetxea VI, Segurola-Eskudero, Goikoetxea V-Zubiri, Jabalera-Aiestaran VI, Aiestaran VII-Barrenetxea IV, Susperregi-Larrañaga, Deskarga-Juanenea eta Gurrutxaga-Azpiroz.
Lehenengo fasean bost jardunaldi izango dira eta larunbata honetan, martxoaren 14an hasiko da. Eta hurrengo lau jardunaldiak martxoaren 21ean, martxoaren 28an, apirilaren 4an eta apirilaren 11n jokatuko dira. Partida guztiak set formatuan izango dira. Jaialdi guztiak 16:30etan hasiko dira.
Kanporaketa sistema erabiliko da fase honetan. Gehienez hiru partida jokatuko ditu bikote bakoitzak eta bi irabazten dituenak finalaurrekoetara pasako da. Horrela, lehenengo jardunaldian garaipena lortzen duten bikoteak irabazleen adarretik joango dira eta lehenengo partidua galtzen dutenak galtzaileen adarrera pasako dira. Irabazleen artean bigarren partiduan garaipena lortzen dutenak semifinaletara sailkatuko dira eta galtzaileek, galtzaileen adarreko irabazlearen aurka jokatuko dituzte beste bi semifinaletako tokiak. Galtzaileen arteko partidua galtzen dutenek kanporatuak izango dira bigarren jardunaldian.
Bi finalerdiak apirilaren 18an daude iragarrita eta hemen ere jaialdia 16:30etan hasiko da. Partidu bakarrera jokatuko dira eta irabazleak apirilaren 25eko finalera pasako dira.
Erremontarien zerrendan ikusi daitekeen bezala Ansak ez du txapelketa jokatuko. Ez dago faborito argirik eta ahalik eta bikote orekatuenak osatzen saiatu da Oriamendi2010 enpresa. Bikote batzuetan izar nagusi bat dago eta beste batzuetan bi pilotariak dira maila altukoak. Ikusi beharko da nola erantzuten duten, ez baita ohikoa izaten horrelako konposizioa kantxa gainean ikustea. Emozioz beteriko txapelketa espero da eta zirrara handikoa, gainera kontuan izanda jokatuko den azken Berria Erremonte Txapelketa izango dela.